Gaztelaniaz egiten ari da Egunkaria-ren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Baina euskaraz jarduteak auzitegian sortu ohi dituen arazoak ez dira saihestu. Itzultzailerik gabe ari dira ematen ahozko azalpenak, eta, hortik zalantzarik sortzen ari ez den arren, idatziz aurkeztu diren froga eta dokumentuek eragin dituzte arazoak. Okerrak dira itzulpen asko. Asko dira hutsegiteak, eta oso agerikoak. Gainera, hainbatetan oker horiek nahita egin diren susmoa dutela adierazi dute peritu gisa aritu diren itzultzaileek.
Auzitegian frogatzat aurkeztu diren txosten, dokumentu eta idatzi asko euskarazkoak dira, baina gaztelaniaz aurkezten zaizkie epaileei. Itzultzaile talde batek itzulpen horien egokitasuna aztertu du, defentsaren eskariz, eta txostena egin du ondorioekin. Begoña Montoriok ondorio kezkagarriak azaldu ditu. 30 urte badira itzultzaile lanetan dabilela, eta EHUn itzulpengintza irakaslea da bera.
Itzulita aurkeztu diren agiri batzuk Guardia Zibilak itzuli ditu, eta ez dute berrikusketarik. Beste batzuk, berrikusita daude, baina, horietan ere, okerrak nonahi atzeman dituzte adituek. Berrikusketak egin ote diren zalantzak azaldu dituzte. Eta, egin badira, axolagabekeriaz egin direla diote.
Itzulpenak hitzez hitzekoa izan behar duen arren, kasu batzuetan orri osoak itzuli gabe utzi dituzte. Beste batzuetan, orrien ordena aldatuta egin da itzulpena, eta, ondorioz, zentzurik gabeko idatzi bihurtu da itzulitakoa. Beste batzuetan, jatorrizko testuetan ez dauden hitzak eta esaldiak gehitu zaizkio itzulitakoari, horren azalpenik eman gabe.
‘Gidoilari’: ‘conductor’
Ene uste apalean honela itzulita dago: en nuestra opinión, en la estanteria. Eta gutxi batzuek idatzita dagoela dioen testua honela itzuli dute: es redacción que ha nacido de todas las personas. Horretaz gain, conductor omen da gidoilari. Eta repaso, errespetu.
Oker batzuk «bestelako intentzioz» egin direla pentsatzera daramatela argudiatzeko adibideak harridura areagotu du. Aipatutako paperetan badirudi ‘Egunkaria’-ren zuzendariari buruzko informazioa ematen zela dioen idazkia honela itzulita ageri da frogetan: En esos papeles se puede entender que el director de ‘Egunkaria’ era y no era el que ofrecia información a ETA.
[…] Hutsegite larriak irakurri ahal izan ditugu ‘Egunkaria’ auziko itzulpenetan. “Ene uste apalean”, “En nuestra opinión en la estanteria” bilakatu da, txostenak euskaratik gaztelerara itzultzean. “Gidoilari” “conductor”, “errespetu” “repaso”, etabar. […]
Pingback-a by zuzeu.com — Euskara Audientzia Nazionalean — 2010(UTC)k2010 urtarrilaFri, 29 Jan 2010 08:00:13 +0000UTC1 29(am) @ 8:00