Joxe Azurmendi: «Ez dauden ekintzei buruz egiten ari dira hipotesiak»

2010, urtarrilak 28

Bederatzi lekuko aritu ziren atzoko saioan, auzipetuen eta Egunkaria-ren zuzentasuna defendatzen, egunerokoaren sorrerari eta akusatuen izaerari buruzko azalpenak emateko orduan. Auziaren zentzugabekeria agerian utzi zuten euren azalpenekin, eta halakorik nola sor daitekeen ulertezina egiten zaiela erakutsi zuten.

Joxe Azurmendi idazle, filosofo eta teologoak utzi zuen agerien harridura. Gertutik ezagutzen duen Joan Mari Torrealdairi buruz eta Egunkaria-ren sorrerari buruz aritu ondoren plazaratu zuen hausnarketa: «Halako susmoetan gehien harritzen nauena da hipotesi batzuk egiten ari direla gero sekula agertzen ez diren ekintza batzuk azaltzeko».

Torrealdaik Jakin-en egindako lana goratu zuen Azurmendik. Eta, Jakin-etik kanpo ere, beti izan dela euskal kulturaren sustatzaile sutsua. Bide horretan aritu zela Egunkaria Sortzenen ere, euskal kulturaren munduko beste hainbat pertsona jantzi bezala.

ETAk Egunkaria aipatzen zuen txosten bati buruzko idazkiak Torrealdairi nolatan atzeman zizkion galderari ere argi erantzun zion: «Dena gordetzen duelako, batez ere gaiari buruzko ikerketa egiteko asmoa badu». Hain zuzen, Egunkaria-ren historiari buruzko bilduma egiteko asmoa zuen Torrealdaik.

Baina ETArekin edo KASekin inolako harremanik zuela zorrotz ukatu zuen lekukoak. Hori «bere bizitza osoko ibilbidearen eta filosofiaren kontrakoa litzateke».

Hipotesiak

Akusazioek egiten duten lotura horri buruz galdetzean egin zuen halako auziei buruzko hausnarketa lekuko eta peritu gisa aritu zenak: «Nik jakin nahiko nuke zein ekintzek ahalbidetzen duten Joan Mari Torrealdai KASekin edo ETArekin lotzea. Nire inpresioa da hipotesi batzuk egiten direla existitzen ez diren balizko ekintza batzuk azaltzeko, eta azalpenerako hipotesi horiek ekintza gisa hartzen direla gero».

Lekuko eta peritu gisa aritu zen Joseba Intxausti historiagile, ohorezko euskaltzain eta Jakin-eko kideak euskarazko egunkariaren beharraren zergatia azaldu zuen: «Hizkuntza gutxituak hil ez daitezen garatu egin behar dira bai idatziz, bai administrazioan, hezkuntzan eta komunikazioan; komunikabide bat izatea ukatzeak heriotzara eraman dezake». Haren hitzetan, Euskaltzaindia horregatik egon da historikoki euskarazko egunkari bat izatearekin tematuta, eta horregatik parte hartu zuten akademiako 30 bat lagunek proiektuaren sorreran.

Egun El Diario Vasco egunkarian aritzen den eta Deustuko Unibertsitatean Informazio Zientzietako irakasle den Nerea Azurmendik Egunkaria-ren sorreraren gardentasuna defendatu zuen. Hura ere Egunkaria Sortzeneko kide izan zen. Baita egunerokoaren Administrazio Kontseiluko kide eta zuzendariorde ere. Areago, Egunkaria-ren lehen zuzendari izateko eskatu ziotela kontatu zuen, baina ez zuela onartu. Hala ere, zuzendariaren aukeraketa Administrazio Kontseiluak egin zuela eta erabat gardena izan zela ziurtatu zuen.

«Ez nuke parte hartuko»

Egunkaria-k ez zuela sekula ETArekin edo KASekin loturarik izan esan zuen. «Hori hala izan zitekeen susmorik txikiena izango banu, ez nuke proiektu horretan parte hartuko».

Sebastian Barinagarrementeria Orain editorakoak, Simeon Barroso Apika informatika enpresakoak eta Ander Larrañaga Antza inprimategikoak azaldu zuten Egunkaria-k enpresa horiekin bazuela harremana baina lan harreman hutsa zela.

Iñaki Zubeldia Olabide Ikastolako zuzendari eta Partaideko kideak eta Imanol Igeregi Euskal Herriko Ikastoletakoak azaldu zuten Xabier Oleagak ikastolen munduan izandako partaidetza. Harremanetarako eta elkar ulertzerako gaitasuna zuelako proposatu zuten komunikazio arduradun izateko.

Otamendi HBren zerrendan testimonialki aurkeztu zela dio Jonan Fernandezek

Jonan Fernandez Baketik taldeko zuzendaria eta Martxelo Otamendi 1987ko udal hauteskundeetan HBren zerrendan aurkeztu ziren Tolosan. Fernandezek azaldu duenez, ordea, independiente gisa aurkeztu ziren bai orduan, bai 1991n. Fernandez bakegintzaren munduan zebilelako, eta Otamendi euskararen aldekoan. Baina horien agerpena testimoniala izan zela azaldu du. Fernandez sei hilabetez zinegotzi izan zela esan zuen, eta kargua utzi zuenean Otamendiri zegokiola lekua betetzea baina ez zuela bete, ez zuelako politikan aritzeko inolako asmorik.

Bestalde, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi Elkarriren laguntzaile izan direla azaldu zuen Fernandezek, eta bakearen aldekoak eta indarkeriaren aurkakoak direla. Auzmendi Elkarriren sortzailetakoa dela, eta Oleaga bere aldizkarian aritu izan dela.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>