Egunkaria auzia-ri buruzko solasaldia egin dute gaur eguerdian Derryn (Irlanda iparraldea), eta han bildu direnek auziarekiko interesa eta kezka agertu dituzte. Zentsura Euskal Herrian izeneko solasaldia izan da, Irlanda eta Euskal Herriaren arteko Elkartasun Batzordeak antolatuta, Bloody Sunday gogorarazteko ekitaldien barruan, eta Ainara Mendiola Egunkaria-ren Aldeko Kultur Elkarteko kidea mintzatu da. 60 bat lagun bildu dira (argazkian), Cultúrlann zentroan; gehienak Sinn Fein alderdiko gazteak ziren.
Batik bat, Egunkaria-ren itxieraz jardun dute -Guardia Zibilak itxi zuen, 2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz-. Auzipetuak euskal kultur mugimenduko kide ezagunak direla esan die Mendiolak solasaldian bildutakoei eta Egunkaria herri ekimenetik sortu zela.
Entzuleek adierazi dute Espainiako Estatuak Euskal Herriko hainbat eragile eta proiektu ETArekin lotzen dituela, eta jokabide hori “susmagarria” dela.
Mendiolak Irlandan segituko du, eta astelehenean Belfasten izango da. 13:00etan hitzaldia emango du Queen’s unibertsitatean. 19:30ean, berriz, Belfasteko Cultúrlann zentroan hitz egingo du, Mairtin O’Muileoir Belfast Media Groupeko buruak aurkeztuta.
Asteartean Dublinen egongo da. Eguerdi partean hitzaldia emango du University Collegen eta 20:00etan Pearse House zentroan.