“Orain absoluzioa, gero justizia”. Horixe aldarrikatu du gaur Martxelo Otamendi Egunkaria-ko auzipetuak Berria.info-n, zuzeneko bideo elkarrizketan. Dena dela, argitu du zer kalteordain jasoko lituzketen pentsatzen ez direla jarri, epairik ez delako izan oraindik eta ez dakitelako bost auzipetuak libre aterako diren.
Egunkaria-ren aurkako epaiketa “teknikoki ondo” joan dela esan du Berria-ko zuzendariak, “fiskalak berak ere absoluzioa eskatu duelako” eta, itxaropentsu dauden arren, “itxaropen neurtua” dutela aitortu du; Espainiako Auzitegi Nazionalean egin izan diren beste epaiketak jarri ditu adibide bezala.
Urteotan jasotako elkartasuna eskertu du Otamendik, eta “gehien, kaleko jendearenak hunkitu” duela azaldu du. Epaiketako saioetan euren aurkako akusazioak entzutean “inpotentzia” sentitu dute, “eta gogoa ematen zuen aretoan altxatu eta ‘dena gezurra da’ esateko”. Seguru agertu da “gure herrian” inoiz tortura kasuak ikertuko dituztela; “egunen batean jakingo da eta torturatzaileak eseriko dira [epai aretoko] aulkian”.
Astelehenean bukatu zen Egunkaria-ren kontrako epaiketa, eta Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain geratu dira Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Otamendi. Fiskalak eta defentsak haien absoluzioa eskatu du, deliturik ez dagoela iritzita; Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek diote Egunkaria ETAk sortu zuela, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako.
Berria.info-k gaur erabili du lehen aldiz zuzeneko bideo elkarrizketaren formula. 12:05:12:30 artean izan da Otamendi, eta irakurleek idatziz egindako galderak erantzun ditu. (Oharra. Ordenadora batzuetan, Otamendiren audioa ondo entzuteko, kaskoak jarri behar dira).