‘Egunkaria’ libre

2010, otsailak 7

EKT Euskarazko Komunikazio Taldea S.A., Administrazio Kontseilua

Aste honetan bukatu da Egunkaria-n ardurak izan zituzten bost lagunen kontrako epaiketa. EKTren Administrazio Kontseiluak kezka handiz ikusi du azken hilabeteetan Torrealdai, Auzmendi, Uria, Otamendi eta Oleagaren kontrako epaiketa, aurreko zazpi urteak bezalaxe. Guztiz jabetzen gara gu gaur egun egiten ari garen lan beragatik daudela gure lagunak eta kideak epaileen aurrean, eta ulertezina egiten zaigu gertatzen ari dena.

Egunkaria-ren itxiera sekulako astakeria eta bidegabekeria ikaragarria izan da, herri honetako beste askoren antzera, eta hori euskarazko egunkari bat egitea helburu izateagatik. Sumarioaren abiapuntuan dagoen Guardia Zibilaren txosten batek argi uzten du euskalgintzako hainbat erakunde aztertzeari ekin ziotela uste zutelako horiek lotura zutela ETArekin. Euskalgintzako erakundeak aztertzen aritu ondoren, ezer topatu ez zutelako baina euren tesiari frogei baino garrantzi handiagoa eman zietelako, itxi egin zuten Egunkaria, eta atxilotu eta torturatu bertako hainbat arduradun, ordura arte topatu ez bazituzten barrura sartuta behar zituzten frogak izango zituztelakoan. Baina itxiera eta miaketak, eta bigarren aldiko atxiloketa eta miaketa gehiago izan arren, frogarik gabe jarraitu zuten, ez dagoen tokian ezin baita ezer topatu. Zorionez, beste batzuetan ez bezala, frogarik ezean, fiskalak atzera egitea erabaki zuen, baina hor zeuden epaiketarako bidea egiten orduan herri akusazio gisa ari ziren AVT eta Dignidad y Justicia, amorruak eta ezinikusiak eramanda, bidegabekeriak jarrai dezan kartzelan sartu arteko atsedenik gabe.

Larria izan zen 2003an Egunkaria itxi eta guk beste proiektu bati ekin behar izatea, eta are larriagoa da gertatzen ari dena, pasatutakoa gutxi ez eta urteetarako kartzelara bidal baititzakete auzipetuak.

Hurrengo asteetan ezagutuko omen dugu epaia, eta biziki kezkatzen gaitu zer gertatuko ote den. Akusazioek ez dute frogarik aurkeztu, eta agerian geratu da absoluzioa beste aukerarik ez duela epaimahaiak, baina beste batzuetan ere izan dira euskaldunak antzeko egoeran Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta kartzelan sartu dituzte, frogarik gabe ere.

Egunkaria libre izateak libreago egingo du Euskal Herria, eta batez ere libreago egingo gaitu euskalgintzan ari garen gainerakoak ere. Eta, horretarako, bi bidetan jarraitu behar dugu lanean: batetik, absoluzioa eskatu behar dugu bakoitzak ahal duen eran; bestetik, euskara eta euskalgintza sendotu behar ditugu, euskaraz bizitzeko hautua eginez, euskara ikasiz eta landuz, euskaraz eginez lanean, euskarazko hedabideak baliatuz informatzeko eta euskal produkzioari lehentasuna emanez.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>