Euskaldunon Egunkaria-ren garrasia ez dute isildu duela zazpi urteko polizia operazioarekin edo Madrilen egin berri duten auziarekin. Gertatu berriak lehen pertsonan entzuteko eta orduko gertakariei buruzko informazioa eskuratzeko parada eman zuen larunbatean Miarritzeko Gaztetxeak. Adin guztietako jendea, hurbil zein gertuko eskualdeetakoak bildu ziren Imanol Murua eta Lorea Agirre Egunkaria-ko kazetarien testigantza entzutera. Andoni Alvarezek hitza hartu zuen ondoren, Egunkaria-ren Aldeko Kultur Elkartearen izenean.
Gezurra ari du liburuan utzitako testigantza aipatu zuen Agirrek. Garai hartan nehor gutxik espero zezakeen polizia operazio horretan, euskalgintzaren bihotza kolpatu zuten. Atxilotuek tortura salatu zuten, espetxeratu zituzten. Egunkaria itxi, likidatu eta 150 langile kalean geratu ziren. Martin Ugalde bera auzipetzeko ahalegina egin zuen Guardia Zibilak. Samin horrekin batera, euskal gizartearen ihardespen adoretsua gogoratu zuen Agirrek, Donostian egindako manifestazio erraldoiak izan zuen garrantzia nabarmenduz. Haserrea, samina, kezka, ardura eta, horrekin batera, euskarazko bertze egunkari bat sortzeko engaiamendua.
Muruak Madrilgo auziaren berri eman zuen. Auziaren bataila irabazi arren, ebazpenarena airean dagoela nabarmendu zuen. Auzipetu bakoitzaren kontra eskatzen dituzten zigorrak izan zituen hizpide, eta hastapenetik zentzurik ukan ez duen operazioa zein auzibidea espero daitekeen ebazpen bakarrarekin bukatzeko esperantza berretsi zuen, absoluzioarekin alegia.
Alvarezek sostenguaren eta behar ekonomikoaren soslaia jorratu zuen. Hastapenetik, kanpainak hiru ardatz ukan dituela gogorarazi zuen: informazioa, Egunkaria-ren itxieraren salaketa eta babesa. Ekitaldi handiak egin dira, hala nola Donostiako Kursaalean kantariek egindako kantaldia, Bilboko manifestazio jendetsua eta alderdi eta eragileek Arantzazun erakutsitako babesa. Aldiz, orain arteko gestioetan 500.000 euro inguru xahutu direla ekarri zuen gogora. Diru hori ez da eskuratu oraindik, milaka jendek parte izan duten arren herriz herri eta auzoz auzo egin den kanpainan.
Mintzaldia bukaturik, Anje Duhalde, Gose taldea, Deabruak Teilatuetan, Bizardunak eta DJ Sano aritu ziren, giroa musikaz alaituz.