Euskaldunon Egunkaria ez zegoela ETAren menpe, eta, beraz, auzi horretan auzipetuta dauden bost lagunak errugabeak direla uste du PSE-EEk. Jose Antonio Pastor sozialistak jarrera hori defendatuko du gaur Eusko Legebiltzarrean, Egunkaria auzia eztabaidagai izango baita osoko bilkuran. Aralarrek aurkeztu du ekimena, eta PSEk osoko zuzenketa aurkeztu dio. Hala ere, litekeena da gaur, Egunkaria-ren aldeko jarrera dutenen artean zuzenketa bateratu bat egotea.
Pastorrek ohar batean azaldu duenez, Egunkaria-ren aurkako epaiketan fiskalak egindako eskariarekin bat egiten dute sozialistek, eta espero dute epaileak akusatuak absolbitzea, «zazpi urteren ostean ez delako frogatu kazetak ETArekin harremanik zuela». Pastorren esanetan, «pozgarria da garai batean erakundeetatik euskarazko egunkari baten alde egindako apustua ETAren menpe geratu ez izana». Egunkari bat ixtea «salbuespenezko neurria» dela, eta egindako kalteak «konponezinak» direla deitoratu du.