Anboto.org Durangoko Plateruenean berbaldia eskaini zuen eguaztenean (otsailaren 24an) Martxelo Otamendik, Egunkaria auzia dela-eta burutzen dabiltzan biraren barruan. Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendigaz batera, epaiaren zain dago Berria-ko zuzendaria.
Epaiketa amaituta, absoluzioa eskatzen eta itxaroten duzue…
Horixe da duela zazpi urtetik itxaroten duguna. Urte askoan borrokatu dugu epaiketarik ez zedin egin, eta epaiketa egitea ia ezinbestekoa bihurtu zenean, absoluzioa eskatzen hasi ginen. Lau haizetara esaten gabiltzana zera da: onartuko dugun irtenbide bakarra, irtenbide partziala izango dena, absoluzioa izango da.
Zazpi urte bete ziren joan zen zapatuan operazioa egin zenetik. Denbora lar, beharbada…
Bai. Egia esaten badizut, gurago nuen epaiketa egingo ez balitz. Kaletik nindoala, epaiketa ahalik eta arinen egiteko gogoa izango ote nuen galdetzen zidan jendeak, eta nik txantxetan esaten nien: “Bibliako azken juizioa eta Egunkaria-rena aldi berean egin beharko lirateke”. Izan ere, sasoi hartako akusazioarekin, epaiketak kartzela ekarriko liguke. 2006an, fiskal berri batek auzia aztertu eta behin-behinean bertan behera uzteko proposamena egin zuen. Oso garrantzitsua izan zen guretzat. 2009ko ekainean egindako azken aurresaioan, guk artxibatzea eskatu genuen, fiskal horrek ere behin betiko ixtearen alde egin zuen. Horrek esperantza eman zigun.
Fiskalak ez baina akusazioak berean segitzen du…
Bai, baina horiek profesioz egiten dute hori. Auzitegi Nazionalean paper jakin bat duten erakunde batzuetako abokatuak dira. Euskal gatazkarekin lotura daukaten auzi guztietan pertsonatzen dira, fiskaltzaren zelatan beti: ikusten badute fiskala bigun dabilela, haiek eskaera gogortzen dute. Ez dugu ahaztu behar akusazio pribaturik ez daukagula, ezta fiskaltza edo estatuarenik ere. Herri akusazioagaz batera egin da epaiketa hau.
ETAren aginduetara lan egin zenutela dio Guardia Zibilaren txostenak. Zuek behin eta berriz esan duzue Egunkaria independentea zela…
Hala da. Hori bazekiten gure irakurleek, langileek, akziodunek, klase politikoak, administrazioak, herritarrek, euskaltzaleek… Mundu guztiak zekien Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Martin Ugalde, Joseba Jaka, Iñaki Uria eta abar ez zirela ETAkoak, eta ez zutela ez ETAren ez beste inoren menpe jardun.
Absoluzioak, baina, konponduko al du sortutako kaltea?
Horregatik eskatzen dugu “orain absoluzioa eta gero justizia”, Joan Mari Torrealdaik oso ondo dion moduan. Absoluzioa urgentziazkoa da. Justizia, bi ikuspegitatik: pertsonala eta kolektiboa. Pertsonala atxilotuena, epaituena, langileena, irakurleena… da. Kolektiboa euskalgintzarena da; euskarazko herrigintza eta herrigintza sozialarena.
Bestalde, hainbat eragile, alderdi eta erakunderen babesa jaso duzue. Europako Legebiltzarrean ere izan zinen joan zen astean .
Bigarren biderrez izan gara Bruselan. Izaskun Bilbao, Oriol Junquera katalana, Ramon Tremosa, korsikarrak… hainbatek lagundu digute. Eurei esker, 25 eurodiputatuk gure aldeko agiria sinatu zuten. Guretzat oso garrantzitsua da nazioarteko foro horietan gure gaia agendan egotea.
Herritar eta norbanakoek ere elkartasuna adierazi zuten Bilboko manifestazioan. Babestuta sentitzen al zarete?
Babestuta eta maitatuak. Herritar anonimoaren elkartasuna da onena, ezagutzen ez duzun jendearena. Askotan erdalduna izaten da: “Ya se que eres de Egunkaria, ¡estamos con vosotros!” esan izan didate. Trenean, semaforoan, jatetxean, autobuseko gidariak klaxona jotzen dizunean… Parlamentariena-eta eskertzekoa eta garrantzitsua ere bada, baina funtzio politiko edo administratiboak dituzte.
Atxiloaldian tratu txarrak pairatu zenituztela salatu zenuten. Zelan dago gai hori?
Salaketa bakoitza bere aldetik doa. Nirea, Espainiako ibilbide judizial osoa eginda, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegian sarrera emanda dago, onartu edo atzera bota zain. Xabier Oleagarena Auzitegi Konstituzionalean dago, eta Iñaki Uriarena artxibatuta. Txema Auzmendirena “linbo judizial” baten dagoela esan daiteke, ez dakigu non dagoen.
Horretaz gainera, beste hainbat erabaki hartu zituzten estatuak zein Auzitegi Nazionalak. Kereilak, auzipetze gehiago .
Hor Guardia Zibilaren obsesio bat dago euskalgintzarekiko; euskararen munduarekiko. Lehen AEK eta Elkarregaz egin legez, orduan guregana etorri ziren, Martin Ugalde kultur parkera. Guardia Zibilak tesi bat egin zuen: euskararen alde erakunde publikoetatik lan egitea bidezkoa eta konstituzionala da; euskararen aldeko herri mugimenduaren edo iniziatiba sozialen lana ETAren menpekoa da.
Auzi ekonomikoa ere hor dago, jende gehiagori eragiten diona eta zigor eskaera gogorragoekin…
Auzi horretako batzuk gurean ere badaudelako dago Auzitegi Nazionalean. Instrukzio epailearen tesia honakoa da: gure auzian ETAkoak direnez, delitu ekonomiko bat egitean ETAkoak dira, eta ETAren zerbitzura egiten dute. BEZ tipo batzuk ez ordaintzea leporatzen digute, baina sekula ez dira ausartu esatera diru hori ETAri eman genionik. Beraz, non dago lotura? Lehenengo auzian absolbituta irtengo bagina, seguru gaude bigarrena Donostiara edo Tolosara etorriko litzatekeela. Ustezko delitu fiskal arrunt bat izango litzateke, beste asko legez.
Gaur egun ‘Berria’ dago kalean. Zer moduz doa proiektua?
Hobeto guran, baina ondo. Gainera, EKT (Euskarazko Komunikazio Taldea, Berriaren argitaratzailea) indartuta atera zen Egunkaria-ren itxieraren ostean. Jendeak diru asko eman zigun proiektua martxan ipintzeko. EKT talde izateko jaio zen; argi geneukan egunkari bat baino zerbait gehiago izan gura genuela. Berria egin dugu eta gehiago saltzen da, harpidedun eta akziodun gehiago dauzka, 8 Hitza-tan parte hartzen gabiltza, Hamaika Telebistan gaude murgilduta, Nora aldizkarian sartuta gaude, Inprimategi bat sortu da Zumaian eta horretan ere bagaude beste batzuekin batera… Interneten ere garatuz goaz: Berria Telebista lantzen ari gara elkarrizketa eta abarrekin. Komunikabideen tropel horretan ondo gabiltzala pentsatzen dut.
Aurrerantzean ere izango duzue erronkarik…
Alde batetik, epaiketa ondo amaitzea nahiko genuke, bai pertsonalki bai euskal esparruari dagokionez. Egunkaria auzia herri kausa bat bihurtu da, jendearen babes, laguntza eta mobilizazioengatik. Herri honetan behingoagatik irabazi gura dutenen sinbolo edo ikono bihurtu dela esango nuke. “Bazen garaia!” esango luke jende askok. Gainera, ematen du gauden egoera politikoan ere jendea ilusionatzen dabilela. Bestetik, komunikabideak krisi sektorial batean murgilduta gaude, krisi ekonomikoa hasi baino lehenagotik. Gainera, Egunkaria jaio zenean, 1990ean, izan gura genuenaren ereduak zeuden, gure erara ekartzeko: New York Times, Clarin, El Pais, Le Monde… Horregatik, AEBetako hauteskundeetara edo Joko Olinpiarretara joan ginen. Euskarazko prentsa mundu osoko egunkariak zeuden tokian egotea lortu genuen. Orain ez dago eredurik, ez dago munduan inor besteei erakusten. San Francisco, esaterako, Euskal Herria lako bi da, eta ingelesez zeukan egunkari bakarra galdu du. Batzuk jausten ari dira, eta tokiko esperientziak kenduta, ez dago inor berrikuntzarik planteatzen.
Zerbait gehitzeko?
Eskerrak eman gura nizkioke Anbotoren bidez Durangaldeko jendeari, Egunkaria jaio zenean emandako laguntzagatik, horren osteko irakurle eta bezeroei, eta Egunkaria ixtean elkartasuna eta berotasuna eskaini ziguten guztiei.