Anjel Lertxundi (Berria)
«Alea jacta est!», edo bota dituzte dadoak, hartu dute erabakia, gertatu da denok espero -eta exijitzen- genuen absoluzioa. Baina absoluzioa gerta dadin, akusazio bat egon da, absoluzioaren pozak ezin digu hatz salatariak egindako kaltearen handia ahaztarazi. Epaituei eta haien familiei egindako kaltea; proiektuan lanean ari ziren kazetariei, egunkariari berari, irakurleei, euskarari. Ohorearen kalteak, ekonomikoak, sozialak, politikoak. Osasun fisiko eta psikologikoari eragiten dietenak. Kalte indibidualak, kalte kolektiboak.
Absoluzioaren pozarekin geldituko gara, baina konformatu, ez.
Hemendik aurrera, Julio Zesarrek Rubicon ibaiaren aurrean botatako esaldia entzuten dudan aldiro, latinezko alea dioen tokian kaltea etorriko zait niri, espresio berri bat gelditu baita nire euskal errepertorioan:
«Kaltea jacta est!», edo kaltea egina dago, tamalez, eragindako txikizioak ez baitu atzera bueltarik.