Sorrera
Egunkaria 1990eko urtarrilean euskalgintzatik sortutako ekimena izan zen. Xede nagusia “egitasmoaren independentzia eta zabaltasuna bermatzea” zen. 1989ko azaroaren lehenean euskarazko egunkari bat abian jartzeko lehen bilera egin zen Donostiako Joxemiel Barandiaran lizeoan. Bilerara Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) deitu zuen, eta honako erabaki hauek hartu ziren, besteak beste: euskarazko egunkariaren aldeko giroa sortzea eta horretarako firma bilketa bat abian jartzea. Eta, bitartean, asmo berria euskalgintzako sektore zabalagoetara eramatea. Egunkariaren beharra ez zen orduan sortu, hala ere. 80ko hamarkada, bereziki, hasieratik bukaerara zeharkatu zuen egunerokoaren eztabaidak.
Azaroko lehenengo bilera hark hilabeteko epean segida Durangoko Azokan izan zuen. Bertan egunkariaren ezaugarri nagusiak zehaztu ziren, gerora egunkariaren hamaika puntu fundazionalak izan zirenak: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, alderdiekiko eta erdarazko beste medioekiko independentea, ez instituzionala, diru laguntzek lagundua, militantea, profesionala eta berria.
Donostiako Udalaren Euskal Txokoan 1990eko urtarrilaren 21ean egin zen bilerak eman zion azkenik Egunkaria Sortzen ekimenari bidea. Talde eragile bat osatu zen. Kide guztiak banakako gisa agertu ziren, eta ez kolektibo edo talderen baten izenean. Egunkaria Sortzeneko talde eragilea 75 lagunek osatu zuten, nor baino nor euskal kulturaren eremuan.
Sostengua, 90.000 lagun
Euskalgintza eta kulturgintzako erakundeez gain, alderdi politiko, erakunde sindikal, sozial eta herrikoiekin egin zituen bilerak lan taldeak. Herriz herri batzordeak eratu ziren: 185 batzorde, 143 herritan. 3.000 bat lagun aritu zen lanean Egunkaria-ren egitasmoa ezagutzera ematen. Akzio salmenta bat abiatu zen dirua lortzeko. Hori izan zen finantzabidea Egunkaria abian jartzeko. Guztira 90.000 lagun inguru inplikatu zen egitasmoan, eta 50 bat milioi pezeta (300.000 ¤ inguru) jaso ziren. Promozio kanpaina amaitzeko uztailaren 15ean jaialdi erraldoia egin zen Donostiako belodromoan. 1990eko abenduaren 6an, kalean zen Egunkaria, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko lehendakari, Joxemi Zumalabe Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari, Joan Mari Torrealdai Kontseilu Editorialeko presidente, Pello Zubiria zuzendari eta Iñaki Uria zuzendariorde zirela.
Garapena
Zuri-beltzean sortu zen Egunkaria nahiz eta zuriune gutxi izan. Hizkiak ziren nagusi. Hasierako eguneroko hark 32 orri besterik ez zituen. 1992ko martxoaren 10ean, berriz, kolore gorria agertu zen azalean, eta urte horretantxe 32tik 40 orrirako jauzia egin zen. Pauso itzela txikitasunaren barnean.
Benetako iraultza, haatik, 1995. urtean iritsi zen. Urriaren 21a zen, eta Egunkaria-ko orriak kolorez jantzi ziren. Azalez eta mamiz goitik behera berritu zen, eta 50 orritik gorako eskaintza jarri zuen kioskoetan. Urte horretan 12.000 ale baino gehiago saldu ziren.
Eguneroko orriez gain, informazio berezitua biltzen zuten gehigarriak kaleratzen hasi zen 1999. urtean Egunkaria: Unibertsitatea, Barkatu Ama, Mundu Mira, Begira, Xingola, Kazeta… Ordurako 64 orri biltzen zituen egunerokoak, eta ia 14.000 ale saldu. Goranzko bidea oso zen nabaria, eta 98tik 99rako iraganean ia %6ko hazkundea izan zuen, salmentari begira.