Nazioarteko juristen txostena

2007, azaroak 5

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak antolatuta gatazkei eta informazio askatasunari buruzko jardunaldiak egin ziren Donostiako Miramar jauregian 2007ko azaroaren 5ean.

Itzal handiko jurista talde batek -Kai Ambos (Gottingen-eko Unibertsitatea), Juan Luis Gomez Colomer (Castelloko Unibertsitatea), Luis P. Salas Calero (Floridako Unibertsitatea) eta John Vervaele (Utrecht-eko Unibertsitatea- komunikabideen, itxierari buruzko txostena landu zuten. Besteak beste, Egunkaria’ eta ‘Egin’ legeria urratuz itxi zituztela diote. Honakoa da aurkeztu zuten txostena, osorik

KOMUNIKABIDEEN JARDUNALDIAK
EUSKAL KOMUNIKABIDEEN ITXIERARI BURUZ
EGINIKO EZTABAIDAREN ONDORIO OROKORRAK

I.

Adierazpen askatasuna da gizarte demokratikoen oinarrietako bat. Banakoen eta taldeen funtsezko eskubidea den aldetik, adierazpen askatasunaren barnean da zernahi informazio jaso eta besteren pentsamenduaren berri jakiteko eskubidea, eta hala dago jasoa Giza Eskubideen Europako Ituneko 10. artikuluan eta Konstituzioko 20. artikuluan.

II.

Adierazpen askatasunerako eskubidea ez da eskubide absolutua, eta bat etorri behar du, hala onarpenean nola erabileran, funtsezko beste eskubideekin. Gizarte demokratikoetan adierazpen askatasuna hain da garrantzitsua, ezen nazioarteko eta Europako araudiek, adierazpen askatasuna onartuz bat, salbuespen gisa baino ez dute biderik ematen adierazpen askatasuna murrizteko, betiere oso arrazoi larriak baldin baudaude eta legedia eta beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioak zorrotz errespetatuz (Giza Eskubideen Europako Ituneko 10. 10,2 eta 15. artikuluak eta Espainiako Konstituzioko 20. art.).

III.

Salbuespenaren esparruan eta printzipio horiek zorrotz errespetaturik, modu prebentiboan edo kautelaz esku hartzea ez da bateraezina funtsezko eskubideak onartzearekin, baina, berez, auzitegi gorenek zorrotz gainbegiratu behar dituzte esku-hartzearen zer-nolakoak eta mugak, are gehiago komunikabideei eta argitalpenei dagokienez, haientzat adierazpen askatasunaren kontrako eraso ezin onartuzkoa baita aldez aurreko zentsura, eta horrexegatik debekatzen baitu Konstituzioko 20. artikuluak.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiarentzat, honako hauek dira irizpideak:

  • Legedia: legeak argi eta garbi adierazi behar du zenbateraino, noiz eta nola mugatu daitezkeen eskubideak modu prebentiboan edo kautelaz; hartara, herritarrek aldez aurretik jakin dezakete nola ezar daitekeen kautelazko neurria eta nolakoa izan daitekeen.
  • Beharra: neurriak izan behar du, delituak egitea edo egiten segitzea eragozteko egokia ez ezik, neurri posible guztietan funtsezko eskubideak gutxien murrizten dituena ere bai.
  • Proportzionaltasuna: aurreko guztiak kontuan harturik, balantzan jarri behar dira jokoan diren eskubide eta interes guztiak, eta horren araberako neurria hartu.

IV.

Aztergai dugun kasuan -hau da, Egin, Egin Irratia eta Euskaldunon Egunkaria-ren ixtea-, komunikabide batzuk itxi izanak ekarri du arazoa, Zigor Kodeko 129. artikuluan jasoriko ondorio erantsia kautelazko neurri gisa ezarri denean.

Legeari dagozkion beste kontu batzuk bazter batean utzirik, komunikabide bat kautelaz ixteak esan nahi du adierazpen askatasunerako eskubide funtsezkoa desagertzea, bai banakoentzat eta bai taldeentzat; hau da, desagertu egiten da zernahi informazio jaso eta besteren pentsamenduaren berri jakiteko eskubidea.

Neurri hori ezinbestekoa ote zen eztabaidagarria izan zen ezarri zenean bertan, bai baitzeuden kautelaz esku hartzeko beste bide batzuk, komunikabidearen jarduera eten gabe.

Kautelazko neurriaren proportzionaltasun faltari dagokionez, komunikabideak ixtea, teorian aldi baterako izanagatik, praktikan adierazpen askatasuna behin betiko ukatzea da, eta horrek urratu egiten ditu Giza Eskubideen Europako Ituneko 10. eta 15. artikuluak eta Konstituzioko 20. artikulua.

Aurreko guztia gutxi balitz bezala, azpimarratzekoa da Konstituzioak ez diola babesik ematen Zigor Kodeko 129.2. artikulua komunikabideei aplikatzeari. Gai honetan, 1978ko Konstituzioak berme gehiago ematen ditu Giza Eskubideen Europako Itunak baino: salbuespen egoeran edo setio egoeran bakarrik onartzen du informazio eta adierazpen askatasunerako eskubidea indargabetzea (55.1 art.), eta ez du onartzen terrorismo kasuetan (55.2 artikuluan). Auzitegi Konstituzionalak, 199/1987 epaian, berretsi egin zuen Konstituzioak ez duela ematen komunikabideak ixteko ahalik; haren arabera, 9/1984 Lege Organikoan terrorismo kasuetarako jasoriko komunikabideen behin-behineko itxierak ekarriko luke Konstituzioko 20. artikuluan onarturiko eskubideen eduki funtsezkoa mugatzea, edo etetea, eta legegileak ez du hori egiteko ahalik Konstituzioko 55.2. artikuluaren arabera.

Horregatik, Egin, Egin Irratia y Euskaldunon Egunkaria kautelaz ixteko Zigor Kodeko 129.2. artikulua erabili izanak hau dakar:

1. Konstituzioko 20. artikulua urratzen du, praktikan eten egiten duelako prentsa askatasunerako eskubide funtsezkoa, eta eskubide hori salbuespen eta setio egoeran baino ezin delako eten (Konstituzioko 55.1 artikulua).

2. Giza Eskubideen Europako Ituneko 10. eta 15. artikuluak urratzen ditu bere proportzionaltasun faltagatik, hain larriak ez ziren neurri batzuk bazirelako eta praktikan komunikabide horiek desegin direlako eta ezingo direlako berriz argitaratu, zigor auziaren emaitza dena dela.

Hala ondorioztatu da, betiere epaileen erabakiak errespetaturik eta esparru konstituzional demokratiko batean herritarrak terrorismotik babesteko Estatuak egin beharreko defentsa gogoan izanik.

Donostia, 2007ko azaroaren 5a

Iruzkinik ez

No comments yet.

RSS feed for comments on this post.

Sorry, the comment form is closed at this time.

; ?>