Azken bi asteetan Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaileak Egunkaria kasuaren adar ekonomikoan hartutako erabakien atzean zer zegoen asmatzeko arazoak genituen.
Ostiralean 18/98 sumarioan epaitutako euskal herritarren aurka hartutako ebazpen basaren ondoren gauzak argiago ikusten ditugu: Auzitegi Nazionalak ohituak gaituen onenean dirau. Egunkari bat, enpresa batzuk, nazioarteko lana eta lan politikoa egiteagaitik zigortu dituzte atxilotutakoak, Euskal Herri proiektu bat aurrera atera nahi izateagatik. Eta bide horretan euskal herritarrok, oro har, eskubide zibil eta politikorik gabe uzten gaituzte.
Gaur, larunbatez, prentsaurreko bat ematekoak ginen hain zuzen ere Del Olmo epaileak gure kasuan egindako azken mugimenduen harira iritzi publikoari gaiaren kokapen egoki bat aurkezteko. Baina ostiralekoaren ondoren euskal gizartearen arreta 18/98 auzipetuen gain kokatu beharra dago egunotan, zalantzarik gabe. Hala nola, ondorengoa jakinarazi nahi diogu euskal gizarteari:
- Gure elkartasunik eta besarkadarik zintzoena helarazi nahi diegula 18/98ko auzipetuei, plataforma elkartuan kide izan ditugunei bestalde, haien familia eta gertuko guztiei. Biziki txalotzen dugu, eta eredutzat hartzen, sufrikario luzean eta une lazgarri honetan adierazi duten duintasuna, Euskal Herriarengan eta bere etorkizun askean fede tinkoa oinarri.
- Dei ozena egiten dugula gehiegikeria honen aurkako mobilizazioetan parte hartzera, jarrera aktiboak sustatzera. Bihar bertan Bilbon burutuko den manifestazioa da konpromisoaren lehen urratsa. Landu daitezela ekintza batasun eraginkorrak, diferentzia desberdinen gainetik, elkartasunaren aldeko eskuzabaltasunez, kontsentsurako borondateei aukera emanez. Nagusitu dadila gertatuarekiko kontzientzia kritiko aktiboa eta zabala, agerian gera dadila. Ez da euskal gizartearen kasua gaurkoz, zorionez, baina indiferentzia edo epelkeria zibila bilakatzen dira halako gertakarietarako pasaporte ziurra.