Torturen kontakizunak toki garrantzitsua izan zuen Egunkaria auziko epaiketan. Epaian ere izan du. Gaia labur jorratu badute ere, epaian torturen salaketei eman dieten tratamendua garrantzi handikoa da. Kontuan hartu dituzte eta sinesgarritasuna eman diete. Xabier Oleagaren lekukotasunetik abiatuta iritsi da epaimahaia torturen gaia aipatzera. Oleaga Egunkaria-n sartu zen eguna da abiapuntua. Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioan 1993ko martxoan sartu zela agertzen da. Epaiketako deklarazioan, baina, Oleagak argitu zuen 1995eko otsailean sartu zela, eta galdeketa polizialean besterik erantzun bazuen torturen ondorioz izan zela. «Azaldu zuen bere deklarazio poliziala eta instruktorearen aurrean eginiko data aldaketak», dio epaiak, «jasan zituen tratu txar eta torturen eta bizi izan zuen egoera psikologikoaren ondorio izan zirela».
Oleagak auzi saioan azaldutakoa kontuan hartu du epaiak. «Galdekatzaileek bi galderari erantzutea besterik ez zutela nahi azaldu zuen, eta gero ‘bakean utziko zutela’. Lehenengoari erantzun behar zion egunkarian 1993ko martxoan sartu zela, eta bigarrenari Uria jaunak proposatu ziola, baina azken galdera hori ez zitzaion egin. Deklarazioa aztertuta, harritzekoa da egunkarian sartzeari buruz bakarrik galdetu izana, eta ez galdetzea proposamena egin zionari buruz, nahiz eta hori Uriak onartua izan bera izan zela». Horren arrazoia, epaimahaiaren ustez, ETAko kide batzuei atzemandako agirietako aipu batzuei «zentzu inkriminatzailea ematea zen».
Epaiak frogatutzat jo du Oleaga 1995ean sartu zela. Bi arrazoi argudiatuta. Batetik, lanbide historialaren agiria eta Imanol Murua lekukoaren testigantza. Bestetik, «deklarazioetan izandako desadostasunari buruz epaiketan eman zuen azalpena sinesgarria delako». Hau da, epaileen ustez, Oleagaren torturen testigantza sinesgarria izan delako.
Oleagaren kasutik gogoeta orokorrera jauzi egin du epaiak. «Epaituen deklarazioei dagokienez, nabarmentzekoa da inkomunikazio aldian jasaniko tratu txarren eta torturei buruz epaituek eginiko salaketak bat datozela auzitegiko medikuek atxilotze zentroetan haiek aztertu eta gero eginiko txostenekin -ahozko saioan xehe kontatu zituzten horiek, eta, hori baino lehenago, instruktorearen aurrean ere bai, eta epaitegietan salatu zituzten-. Halere, auzitegi honek ezin du ondorio juridiko penalik izango duen konklusiorik egin horretaz, baina egiaztatu du ez zela nahikoa eta behar bezala kontrolatu judizialki nolakoa izan zen inkomunikazio aldia». Bestela esanda: instruktoreari inkomunikazio aldia behar bezala ez kontrolatzea leporatu diote epaian.
Gomez Bermudezen liburua
Epaimahaikoen oharpen hori bat dator Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak idatzi berri duen liburuan inkomunikazioari buruz defendatzen duen tesiarekin. No destruirán nuestra libertad [Ez dute gure askatasuna suntsituko] izenburuko liburuan, inkomunikazioari «beharrezko» deritzo, baina auzitegiko medikuaren eguneroko bisitan oinarritutako kontrola ez zaio nahikoa iruditzen. «Orain arte», dio Gomez Bermudezek aipatutako liburuan, «kontrol judizialak honetan datza: auzitegiko medikuak, epailearen aginduz, egunero bisitatzen du atxilotua, aldez aurretik abisatu gabe, aztertuz eta egoera fisiko eta psikikoari buruzko txostena eginez. Baina kontrol hori ez da nahikoa».
Epailearen kontrol pertsonalaren alde idatzi du Gomez Bermudezek liburuan. «Komenigarria litzateke epailearen kontrol pertsonala, orain daukan ahalmena betebehar bihurtuz. Era horretan, instrukzio zentraleko epaileak, legez, inkomunikazio aldian egunero behin joan beharko luke atxilotze egoitzara. Bisita hori aldez aurretik abisatu gabe egingo luke, idazkari judizialak lagunduta, atxilotuaren eta atxiloketaren baldintzak berak egiaztatuz».
Proposamen berritzaile hori egiteaz gain, eta atxiloaldia bideoz grabatzearen alde agertzeaz gain, Javier Gomez Bermudez epaileak ETAren eskuliburuaren teoriarekin bat egin du liburuaren beste pasarte batean: «Etakideen kasuan salaketa errepikaria da, terrorista berriei taktika bezala irakatsia, bandari atzemandako eskuliburuetan agertzen den bezala».