Imanol Murua Uria (Berria)
Harrigarria da Egunkaria auziko epaia: oinarririk gabeko hipotesietatik abiatu eta, hipotesi horiek justifikatzeko, beste interpretazio ugari izan zitzaketen zantzuei interpretazio jakin bat -beti auzipetuen kontrakoa- eman ziotela ohartarazi du; instrukzio epaileak hartutako badaezpadako neurri nagusiak, Egunkaria ixteak alegia, Espainiako legerian lekurik ez duela; eta epaituek egindako tortura testigantzei sinesgarritasuna eman die. Harrigarria da, azken batean epaia ez baita ari Egunkaria-ri buruz bakarrik, Auzitegi Nazionaleko ohiko jokabidearen muinari buruz baizik. Izan ere, frogatu gabeko hipotesiekin abiatu eta interpretazio posible ugariko zantzuei auzipetuen kontrako interpretazioa emanez makina bat euskal herritar zigortu dituzte dagoeneko Auzitegi Nazionalean. Txarra ez, aurki Udalbiltzakoak epaitu behar dituztenek Egunkaria auziko epaiaren lezioak aintzat hartuko balituzte.
Eta Juan del Olmok Egunkaria ezin bazuen itxi, hedabide bat ixteko lege heldulekurik ez dagoelako, baten batek azaldu beharko luke zer lege helduleku eduki zuen Baltasar Garzonek 1998an Egin egunkaria eta Egin Irratia ixteko, eta zertan oinarrituta eman zuen itxiera hura ontzat 18/98 auziko epaimahaiak.
Eta harrigarriena. Auzipetu ohien tortura testigantzei sinesgarritasuna eman eta epaileak inkomunikazio aldia behar bezala ez zuela kontrolatu adierazi duenean, Auzitegi Nazionaleko epaileek azken 30 urtean izan duten jokabidea jarri du epaiak auzitan; Del Olmok, inkomunikazioari dagokionez, funtsean beste epaileek jokatu ohi duten moduan jokatu zuenez, urteotan tratu txarrak ahalbidetu egin dituztela aitortu du epaiak.
Garantista
Lezioak bata bestearen atzetik datoz. Jose Antonio Pastorrek atera du berea: Espainiako Justiziak funtzionatu egiten duela erakutsi du epaiak, eta garantista dela. Ondo irakurri genuen. Esan egin du: ga-ran-tis-ta.
Zu egunkari bateko kontseilari ordezkaria zara. Instrukzio epaile baten agindu hutsez, guardia zibilak etxera sartu zaizkizu gauez, atxilotu egin zaituzte, inkomunikatu, torturatu eta, azkenik, espetxeratu egin zaituzte, epaitu gabe; urte eta erdi egin duzu giltzapean, zazpi urte auzipetuta kontrol judizial estuekin, eta sortzen eta garatzen lagundu zenuen egunkari hura betiko itxita gelditu da, epaile bakar haren erabaki hutsez; epaiketa egin da, eta, azkenean, errugabe zinela aitortu dizute. Eta biharamunean prentsan irakurri behar duzu horrek erakusten duela justizia garantista dela.
Egunkaria auzia-k, besteak beste, zera erakutsi du: euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen arabera euskal herritarrengan aginpiderik eta eraginik izan beharko ez luketen legeek, auzitegiek eta segurtasun indarrek sekulako aginpidea eta eragina dutela eta guardia zibil talde baten eta epaile baten borondate hutsak, gezur handi batean oinarrituta, edozer hondoratu edo suntsi dezakeela, edozein atxilotu, torturatu eta espetxeratu dezakeela. Eta, Estatua garantista denez, legearen arabera hori jasan beste erremediorik ez duela herritarrak eta horri aurre egiteko bitartekorik ez dutela egitura politiko autonomikoek. Egunkaria ixtea Estatu Zuzenbidearen aurkako erasoa izan zela idatzi du Patxi Lopez lehendakariak. Estatu Zuzenbidea zeinek eraso duen zehaztea ahaztu zaio.
Erantzun moldea
Bada lezio gehiagorik. Egunkaria auzia-ri emandako erantzun indartsuak, egindako mobilizazio jendetsuek eta lortutako babes zabal eta askotarikoak badu zerikusirik auzipetuek bultzatutako erantzun ereduarekin. Egunkaria-k berak zuen bokazioak eta euskal prentsak berez duen babesak egin du hori posible, baina lan egiteko eta laguntza eskatzeko moduek eta moldeek ere egin dute berea. Gogoetagaia izan daiteke, baita beste jardun batzuetarako ere.