Xabier Lasa (Berria)
Atzo eta gaur. Egia izango da M.A. Iglesiasek zioena herenegun Radio Euskadin: estatuko iritzi publikoarentzat euli kaka izan zela, eta dela, Egunkaria auzia. Hala izanik ere, ariketa txit interesgarria gerta liteke zazpi urte hauetan estatuko establishment mediatikoak bizitu duen eboluzioa aztertzea; erraza dago prentsa hemerotekarekin; zailxeagoa irratiari dagokionez. Batzuen zintzotasun koherentea (eskuinekoena, batik bat) eta besteen hipokresia (zentro-ezkerrekoena, batik bat).
‘Mea culpa’. RN1ko 24 Horas saioan Carlos Navarrok gidatzen duen gauerdiko tertulietan aditu dira, agian, adierazpenik ilustragarrienak. Ernesto Ekaizerrek egunkaria ixtea «gerraren zuzenbidearen» barnean kokatu ostean, poztu egin omen da absoluzioa eman delako. German Yankek dio Del Olmori sinetsi ziola bere garaian, eta aitortu du oker jokatu zuela. Carlos Fonsecak eta Jose Antiachek establishment mediatikoaren izenean hala nolako mea culpa haizatu dute, esanez barru-barruan bidegabekeriatzat jo zutela ixtearena, baina isilik geratu zirela terrorismoaren borrokaren mesedetan izango zelakoan, eta terroristen konplizeak izatearen salaketarik ez bizkarreratzeko.