Pello Urzelai Berria-ko kazetariak gaur aurkeztuko du Amesgaiztoa, Egunkaria auziko epaiketaren kronika liburua Andoainen, Martin Ugalde Foroan (19:00). Berria.info-k zuzenean emango du aurkezpena. Liburuaren pasarte bat da behekoa.
—
-Ez zaitezte kezkatu: epaiketa hau irabazi egingo duzue.
Amaitu berri da epaiketa. Azken saioa izan da luzeena. Akusazioetako abokatuek eta fiskalak ondorioen txostenak azaldu dituzte goizean, defentsa abokatuek arratsaldean. Egunkaria-ko bost akusatuek -Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Joan Mari Torrealdaik- azken hitza hartu dute, eta, euren errugabetasunarekin batera, Egunkaria-ren proiektuak utzitako ondarea ere aldarrikatu dute. Torrealdairen azken hitz hunkigarrien ondoren isiltasuna da nagusi. Auzia epaiaren zain gelditu da. Sei saio eta ordu asko, zazpi urteren buruan. Epaimahaiaren inguruan daudenak -auzipetuak, magistratuak, fiskala, akusazioetako abokatuak, defentsa abokatuak- ez dira berriz elkartuko Auzitegi Nazionaleko areto blindatuan. Elkar agurtu dute, baita akusatuek eta akusazioetako abokatuek ere. Goizeko saioan, Dignidad y Justicia eta AVTko abokatuek akusazioei eutsiz hitzaldia egin dutenean, akusatuak oharrak hartzen aritu dira, bakoitza bere libretan. Azken hitza hartu dutenean, akusazioen bidegabekeria aurpegiratu diete Dignidad y Justicia eta AVTko abokatuei, haiei so. Agian horregatik, agian gizalege hutsez, elkar agurtu duten une labur horretan, espero ez zituen hitz adeitsu batzuk entzun ahal izan ditu Txema Auzmendik, Antonio Guerrero AVTko abokatuaren ahotik.
-Zorte ona opa dizuet.
Minutu batzuk geroago, Antonio Guerrero bera eta Martxelo Otamendi kalean topatu dira, taxi bat hartu nahian. Elkar agurtu dute berriro. Martxelo Otamendik gogoan zuen, oraindik, azken hitza hartutakoan akusazioen zereginari buruz egindako gogoeta. Dena den, doluminen kontua etorri zitzaion ahora lehenik. Epaiketako hirugarren egunean, ama hil zitzaiola jakin zuen AVTko abokatuak epaigelan bertan. Orduan, auzipetuak eta defentsa abokatuak izan ziren lehenak hurbiltzen eta doluminak ematen. Hurrengo saiora ez zen joan, eta haren ordezkoaren bidez berriro bidali zizkioten auzipetuek.
-Lehengo eguneko doluminak egiazkoak ziren, sentituak -hasi zuen elkarrizketa Martxelo Otamendik.
-Bai, badakit; nire lankideari emandakoak ere jaso nituen. Eskertzen dizuet.
-Ikusten al gaituzu ETAko kide izateko aurpegiarekin? -Martxelo Otamendik, gaia aldatuz.
-Ez. Nabari zaizue ez zaretela ETAko kideak. Baina nik nire lana daukat, eta batzuetan delitu baten egile dirudien jendea defendatu behar izaten dut, eta oraingoan akusatu behar izan zaituztet. Baina ez zaitezte kezkatu: epaiketa hau irabazi egingo duzue.
AVTko abokatuaren aitorpena esanguratsua zen. Ordu batzuk lehenago bost akusatuentzat 14 urteko espetxe zigorra eskatu zuen abokatuak berak ere bazekien absoluzioa baino ez zela posible Egunkaria-ren auzian, absoluzioa izango zela epaia. Halaxe izango zen. Baina epaiketa epaiaren zain gelditu zen egunetik, otsailaren 1etik, epaia jakinarazi zen egunera, apirilaren 12ra, egunek luze jo zuten auzipetuentzat. Nahiz eta lasaitasun mezu bat baino gehiago jaso, baita auzitegiaren ingurutik ere.
Epaiketako azken egun hartan, azken saioa amaitutakoan, areto blindatutik irtetera zihoazela, Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak hamar-hamabost eguneko epea aipatu zien auzipetuei. Batzuek ulertu zuten hamar-hamabost egun barru epaia prest egon zitekeela, eta beste batzuek, gutxieneko epea zela. Egunak pasatu eta epaia iristen ez zela ikusirik, urduritasuna areagotuz joan zen auzipetuen inguruan, luzapen hori seinale txarra izan zitekeelakoan. Halako batez, martxoaren 26an, epaimahaiak probidentzia bat kaleratu zuen epaia noiz jakinaraziko zuen argitzeko: epaia apirilaren 12an kaleratuko zen. “Gaur etorriko al da?” galdera desagertu zen, baina urduritasuna ez.
Epaia jakinarazteko eguna iritsi zen, eta, ezinegon horren ondorioz-edo, Martxelo Otamendik SMS bat bidali zion bere abokatu Iñigo Iruini, goizean goiz, zortzi eta erdiak aldera. Otamendik bazekien goiz hartan Iñigo Iruin abokatuak, beste auzi bategatik, Auzitegi Nazionalean bertan egon beharra zuela, hain zuzen, Javier Gomez Bermudez epailearekin.
-Egun on, espero dut zu izatea lehena epaia jakiten eta ni bigarrena, eta gero, aita santuak egiten duen bezala, urbi et orbi -Martxelo Otamendiren lehen mezua.
-Urduri ikusten zaitut -abokatuaren erantzuna.
-Urduri? Ez al daukat abokaturik onena? Ez daukat dudarik abstentzioaz.
-Urduri zaudela garbi dago. Absoluzioa eta abstentzioa nahastu dituzu.
Absoluzioa, ez abstentzioa, iritsi zen ordu gutxi geroago, absoluzioa bost auzipetuentzat, baina ez hori bakarrik: Egunkaria ixtea bidegabea izan zela onartzea eta akusatuen tortura salaketen sinesgarritasuna aitortzea ere iritsiko zen 2010eko apirilaren 12ko epaian.