Epaiketaren atarian, egoeraren “larritasuna” agerian jarri du gaur euskalgintzak, Bilbon, eta gizarteari berriro euskarazko kazeta eta euskararen mundua “defenditzeko” dei egin dio.
Laster hasiko da Egunkaria-ren kontrako epaiketa -hamabi lagun daude auzipetuta, kartzela zigor eta isun ekonomiko handien eskaerekin-, eta gaur, Bilbon, euskalgintzako hainbat eta hainbat eragilek babesa agertu diote euskarazko kazeta hari. Egoeraren “larritasuna” ere agerian jarri dute, bide batez. Izan ere, haien ustez, “Egunkaria-rekin batera euskalgintza osoa ere jomugan” daukate epaileek. “Hirurehundik gorako folio kopuruan lehen hamalauak irakurtzean kizkurtu egin zaigu azala. Bertan behin bakarrik aipatzen da Egunkaria. Beste erakunde batzuk, beste jardun batzuk, euskara eta kulturarekin lotutakoak, euskalgintzakoak alegia, dira aipagai nagusi. Eta horixe jartzen da epaileen jomugan: Euskalgintza, oro har hartuta”, esan dute arloko eragileek gaur.
Akusazioaren “tesia garbia” da, haien iritziz. “Espainiako Erresumako Konstituzioak babesten du euskara; bere Gobernuak, Nafarroa eta EAEko autonomi estatutuek, administrazio autonomikoek, babesten eta sustatzen dute euskara. Hortik kanpora geratzen den guztia ETA da. Zertara dator, beraz, erakunde sozialak euskara eta euskal kulturaz arduratzea, manipulatu eta ETAren helburuetara jartzeko ez bada”.
Euskagintza baina, ETA sortu aurretik bazegoela nabarmendu dute. “Ba al dakigu zein egoeratan sartuko ginatekeen akusazioaren tesi hori jurisprudentzia bihurtuko balitz epai zigortzaile baten bidetik?”, galdetu dute, eta hori guztia “larria” dela esan, “Egunkaria-rekin batera euskalgintza osoa ere akusatuen aulkian bailegoke”.
2003ko otsailaren 20an eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak euskarazko kazeta ixteko agindua eta, “sekulako kolpea izan arren”, euskaltzaleen erantzuna “eredugarria” izan zela dio euskalgintzak. Orain ere, epaiketaren atarian, Egunkaria defenditzeko deia egin dute. “Euskalgintzaren baitatik dei ozen bat gizarteari, orori: Egunkaria defenda dezagun, euskalgintza defenda dezagun”.