Azpeitian, San Sebastian bezperako helduen danborradan, Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko hamargarren urteurrena dela ekarri dute gogora udaletxean. Udalak Egunkaria eta Berria-ko arduradunak gonbidatu ditu gauerdian banderaren igoeran parte hartzera, “bi egunkariek euskararen aldeko lan eskerga egin dutelako”.
Otsailaren 20an hamar urte beteko dira Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz, Egunkaria itxi zuela. Hamar lagun atxilotu zituen, Juan del Olmo epailearen aginduz. Hurrengo egunean Egunkaria-ko langileek Egunero kazeta atera zuten; 2003ko ekainaren 21era arte iraun zuen, Berria sortu arte. 2010ean Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Egunkaria-ko sumario nagusiko bost auzipetuak.
22:15ean abiatu da Azpeitiko helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plaza aurretik, mila danbor-jotzaile ingururekin. Gaueko hamabiak heldu orduko, herriko bandera eta ikurrina igo dituzte udaletxeko balkoian. Ekitaldian izan dira, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriarekin batera, Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkari ohia, Joanmari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohi eta Berria-ko zuzendaria. Egunkaria itxi zutenean hamabi azpeitiarrek egiten zuten lan han, eta haien ordezkaritza bat ere izan da bihar udaletxean.
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia ere Azpeitiko udaletxean izan da, iaz bezala.
Lehen argazkian, Egunkaria-ko arduradun eta langile ohi batzuk Azpeitiko udaletxean, Eneko Etxeberria alkatearekin eta Martin Garitano ahaldun nagusiarekin urtarrilaren 19an.
Bigarren argazkian, Joanmari Larrarte, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi Azpeitiko udaletxean.