(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Hamar urte Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra itxi zuela, eta hamar pertsona preso eraman zituela. Hamar urte, eta giltzarrapoaren zuloek, injustiziarenek, atean segitzen dute. Itxieraren kronika hasi du Berria-k.
Eta hor jarraitzen dute, injustiziaren lekuko isil, indarrez isilarazten saiatu zirenaren gogoragarri. Lau zulo. Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza nagusiko atea betirako ixteko asmoz jarri zuten giltzarrapoaren lau zuloak. Hamar urte igarota, auziak eta zauriak ixteko daudela dioten zuloak. Guardia zibilak indarrez sartu zirela eta egunkariko arduradunak bortxaz tratatu zituztela gogorarazten duten zuloak. Egunkaria-k utzitako zuloa adierazten duten zuloak. Hamar urte ditu giltzarrapoak. Eta zuloek. Datozen egunetan, Berria-k hizpide hartuko du itxiera, erreportaje sorta batekin.
2003. Otsailak 20. Osteguna. 01:00. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria-ren aurkako operazioa hasi du Guardia Zibilak. Hamar pertsona atxilotu ditu: Martxelo Otamendi, zuzendaria; Iñaki Uria, kontseilari ordezkaria; Joan Mari Torrealdai, administrazio kontseiluko lehendakaria; Txema Auzmendi, administrazio kontseiluko kidea; Pello Zubiria, zuzendari ohia; Xabier Oleaga, zuzendariorde ohia; Fermin Lazkano, kudeatzaile ohia; Luis Goia Egunkaria Sortzen-eko bultzatzailea; Inma Gomila, kudeatzaile ohia; eta Xabier Alegria, kazetarekin loturarik gabea.
Hurrengo urratsa, 03:30 aldera. Martin Ugalde kultur parkea alderik alde hartu dute poliziek, zaindaria pistolaz hartuta ateak irekitzera behartu ostean. Berdin Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan. Arduradunen etxeetara joan, eta haiekin eraman dituzte, bestela atea botako dutela esanez; Bilbon, egoitzaren alboan bizi diren adineko andre-gizon batzuk hartu dituzte lekuko gisa.
Hasi dira miaketak. Otamendi eta Uria Andoaingo egoitzara eraman dituzte, eta bulegoetako gauza guztiak arakatzen hasi dira. Paperak, aldizkariak eta bestelakoak. Irudia berbera da Argia eta Jakin aldizkarien egoitzetan; Zubiria eta Torrealdai eraman dituzte haietara. Egunkaria-ren delegazioetan ere ari dira bazter guztiak miatzen. «Den-dena eraman dute: orain hamar urte egindako elkarrizketen eskemak, Joxemi Zumalabe zenaren lanaren fotokopia bat, sekulako aurkikuntza balitz bezala… Den-dena iruditzen zaie froga bat», azaldu die lankideei Gasteizko ordezkaritzako buru Luis Karlos Garciak. Adibide bat jarri die, polizien itsukeria norainokoa den azaltzeko: Zutik taldeak Egunkaria-ren itxiera bera salatuz bidalitako faxa iritsi da guardia zibilak egoitzan zeudela; froga gisa, zakura bota dute.
«Garzonen operazioa»
Guardia Zibila Egunkaria-ko buruak atxilotzen ari dela, egoitzak miatzen ari dela, Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa dela. Telefono bidez hasi dira zabaltzen lehen berriak, eta goizeko albistegiei horrekin ekin diete irratiek. Informazio zehatzik apenas dagoen, ordea. Iñigo Iruin abokatua 05:30 aldera heldu da Andoaingo egoitzara, baina alferrik. «Garzonek agindu du operazioa. Ezin zara pasatu», esan diote poliziek.
Jendea pilatzen ari da egoitza atarian. Eta guardia zibilen aurrean. Egunkaria-ko beharginak ez ezik, han dira alderdi politikoetako, sindikatuetako, eta gizarte eta kultura alorreko ordezkariak ere. Poliziek kazetaren egoitzako leihoetatik-eta begiratzen diete; barre ere egin diete batzuek. Asko dira: guztira hirurehun bat guardia zibil mugiarazi dituzte.
Hamar ordu joan dira atxiloketak hasi direnetik. 11:00. Atzera-aurrera jarraitzen dute Guardia Zibilaren ibilgailuek, eta geldirik protestan batu diren langileek eta elkartasuna agertzera batu diren dozenaka eta dozenaka pertsonak. Aurrera nola jo pentsatzen hasita daude, nolanahi ere. Barrura sartu ezin, eta parkearen atarian bilera hasi dute beharginek, belardian: zer egin, kolpeari nola aurre egin, hori aztertzea dute buruan. Kartelak sortu dira. Alboko Latz enpresako dozena bat langilek atera dituzte lehenengoak, hamaiketako garaian kanpora atera direnean; «Egunkaria-ko langileekin elkartasuna», idatzi dute paperetan. Kazetako langileekin zer jarri adostuta, ELA sindikatuko kideek ekarri dute kartel handiago bat. «Egunkaria adierazpen askatasunaren alde», dio.
Burua estalita, eskuak lotuta
Badoaz. Iñaki Uria atera dute lehenbiziko, burua jaka batekin estalita, eskuak lotuta. Auto batean sartu, eta Madrilerako bidea hartu dute. Ordubete geroago, berdin Martxelo Otamendi ere. Haren atzetik joan dira ibilgailu guztiak. Bilboko eta Iruñeko ordezkaritzetatik joanak dira dagoeneko, baina ez Gasteizkotik; 13:00 arte, operazioa hasi eta hamabi ordu igaro arte, han egon dira poliziak.
Egoera nahasia da oraindik, nolanahi ere. Joan Mari Torrealdairi eman diote auzitegiaren autoa guardia zibilek, baina, atxilotuta eta inkomunikatuta daukatenez, abokatuek ezin izan dute agiririk ikusi. Fax bat iritsi da Iruinen bulegora. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Seigarren Instrukzio Epaitegiarena da, Juan del Olmo epaileak sinatua. Atxiloketekin batera, beste agindu bat ere ageri du: «Egunkaria SA enpresaren itxiera eta aldi baterako zigilatzea, baita haren bulego, egoitza eta bestelakoena ere, Espainian».
Ezohiko operazioa izan da. Bistan utzi du hori auzitegiaren jarrerak. Inoiz ez bezala, hedabideei ohar bat bidali die epaileak, Espainiako Gobernuarekin adostuta. «ETAk egunkarian duen parte hartzea agerian uztea» izan da helburua, oharrean esan duenez.
Arratsaldean eman diote erantzuna langileek. 17:00etarako, dozenaka eta dozenaka elkartu dira Andoaingo egoitzaren atarian, Egunkaria-ren bezperako aleak, azkeneko aleak, eskuan hartuta. Ez daude guztiak. Guardia Zibilaren esku daude batzuk, eta biharamuneko kazeta berria, berriarazia, prestatzen ari dira besteak. Salaketa egitera atera dira beste hedabideen aurrera. «Sinestezina da. Euskal herritar guztien kontrako erasoa izan da», adierazi du, Joanmari Larrartek, denen izenean. «Sinestezina da. Euskararekin eta egiazko informazioarekin du konpromisoa Egunkaria-k».
«Euskaldunen defentsan»
Kritika oldea etenik gabekoa da. Eragile asko eta asko elkartu dira Egunkaria-ren inguruan, eta Madrilgo gobernua bera ere behartu du horrek azalpen gehiago ematera. Angel Acebes Barne ministroa atera da hedabideen aurrera. Hitz gutxi egin ditu, baina zeresana jarriko dutenak. «Euskaldunen defentsan egindako operazioa da, haien askatasunak eta eskubideak babesteko. Haien kulturaren eta pentsamenduaren aldekoa, eta euren hizkuntzak adierazpen askatasuna izatearen aldekoa». Bide beretik Jose Maria Michavilla Justizia ministroa ere: «Ganora handikoa izan da Poliziaren lana. Frogatu du egunkari hori jardun terroristarako tresna zela». Guardia Zibilak izan du, bai, berebiziko zerikusia itxierarekin, abokatuak berehala ohartu direnez: enpresaren lana eteteko Guardia Zibilak eskatu dio epaileari, nahiz eta ez den hori Poliziaren egitekoa.
Amaitu da lehen eguna. Bost eguneko tortura garaia pairatzen hasiak dira atxilotuak. Egunkari berriarazia prestatzen jarraitzen dute langileek. Itxiera salatzeko lehen protestak hasi dituzte herriz herri, eta manifestaziora deitu du jada Kontseiluak. Egunkaria-ren egoitzetan, giltzarrapoak dituzte bisitaren lekuko modura guardia zibilek. Eta ohar bat, atean: «Zigilatua. Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegi Zentrala (Madril). 2003ko otsailaren 20a».
Elkartasun mezuak eta esandakoak
Argazkian, guardia zibilak 2003ko otsailaren 20an, Egunkaria-ren egoitza aurrean. 300 poliziak hartu zuten parte operazioan.