Asier Azpilikueta
(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ko artikulu sorta). Zera dio argazki oinak: «Iruñeko kazetariak, ate zigilatuaren aurrean». Eta halaxe da. Neska eta mutila ageri dira otsailaren 20ko irudian [orri honetan], Euskaldunon Egunkaria-k Iruñeko Irrintzi dorreko 13. solairuan zuen egoitzaren ate ondoan. Atean, Espainiako Auzitegiko ohar hirukoiztua, oholak alde batetik bertzera eta Guardia Zibilaren xingolak, ez pasatzeko aginduz.
Eta ate horren zigilatzeak sorturiko sentimendu ilunak eraginda-edo, mutila kokoriko dago, makurtuta, eskuekin begiak igurtziz, erranez bezala, «Ene bada…». Parean neska, eskua mutilaren sorbaldaren gainean paratuta, erranez bezala, «Lasai… Animo…».
Euskararako aditz berria asmatu zuen Gezurra ari du liburuan dago txertatua argazkia, gertaera anker batzuen inguruan kontakizun ederra egitea erdietsi zuen Lorea Agirreren liburuan. Argazkiko neska Edurne Elizondo da, Gizartea saileko erredaktorea, eta mutila… Ezetz ba! Ez bainaiz ni. Asier Legarda-Ereño da, Osasunari buruzko informazioa biltzen zuen kazetaria.
Izan nintekeen, baina ez naiz. Argazkia neuk egin bainuen. Eta gezurrez ari garela, —eta Euskaldunon Egunkaria itxi zutenak itzelak izan ziren—, esplika dezagun Asier ez zegoela une horretan negar malkoak idortzen, erranez bezala, «Ene bada…». Eta azal dezagun Edurne ez zegoela une horretan Asier kontsolatzen, erranez bezala, «Lasai… Animo….
Baina egon zitezkeen.
Egiaren aitortzeko, argazkiaren konposizio dramatikoa kasualitatearen ondorio izan zen. Bilatu gabeko jarrera bat. Baina hala izanik ere, zenbat aldiz igurtzi genituen begiak egun hartan? Zenbat malko isuri genituen? Zenbatetan bilatu genuen zoruaren egonkortasuna? Zenbat lagun besarkatu genituen? Zenbatetan pausatu ziren eskuak gure sorbalda erorietan? Zenbat «Ene bada…» ahoskatu genituen? Eta zenbat «Lasai… Animo…»?
Sufritu genuen, sufritu genuenez. Baina ez, inondik inora, Espainiara eramandako atxilotuek sufritu zutenaren pare. Haienaren ondoan, gure sufrimendua kasualitatezko konposizio dramatikoa bertzerik ez baitzen izan. Gu ez ginen haiek izan. Baina haiek gu izan zirelako, hemendik esker ona, eta besarkada, bene-benetakoa.