Martxelo Otamendi
Hamar urte bete dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, eta biktimez, oroimenaz eta justiziaz horrenbeste hitz egiten den garai honetan, inor ez da gugana hurbildu ezer esatera; sarraski humano, soziolinguistiko eta kultural hura eragin zutenetako inor ez behintzat. Gogora datorkit lapur txikiei polizia etxeetan poliziak esan ohi diena: «Kalera zoaz, eta hemen gertatutakoaz kexatzen bazara… ez zara irtengo; beraz, segi kalera, eta isilik».
Bide luze horretan ez zaigu falta izan laguntza. Besteak ahaztu gabe, Herrialde Katalanak izan dira elkartasunaren listoia oso altu jarri dutenak. Berehalakoa izan zen zuen erantzuna, intentsitate handikoa, eta maila sozial guztietan eman zen. Ezin izango dugu sekula ordaindu, itzuli zuen jarrera sendo hura. Orduan maiz nire buruari egindako galdera datorkit: «Beste horrenbeste egingo genukeen euskaldunok Herrialde Katalanetan gurearen antzeko komunikabide bat itxi balute?». Duda handiak ditut. Ikusi besterik ez dago abiatu duzuen independentzia prozesuaren aurrean zein epel gabiltzan zuei elkartasun aktiboa eskaini eta animoak bidaltzerako orduan.
Komunikabideok larri gabiltzan garai honetan, are larriago hizkuntza minorizatuetakoak, ez dago soberan azpimarratzea zein garrantzitsuak diren komunikabide horiek eraikuntza prozesuan dauden herrientzat. Garai bakoitzak bere terminologia du, eta krisi ekonomikoak ekarri dizkigun kontzeptuen artean marra gorriak jarri da modan. Hizkuntzarekin arazorik ez duten herrietan hiru alorretara mugatzen dituzte marra horiek: zerbitzu sozialak, osasuna eta hezkuntza.
Ez dauka zentzu handirik Cuencan edo Marseillan hizkuntza jartzeak marra gorrien zerrendan. Eta gureetan, zuenean, gurean, ez? Hizkuntza eta erantsita daraman guztia ez dugu marra gorri horien artean jarriko? Ez daukate zertan bateraezin izan krisiaren kudeaketak eta gure hizkuntzen garapenak.