Enekoitz Telleria (‘Berria’-ko Politika saileko burua)
Jasandako kolpeen parekoa ote den poz hori, alegia. Denboraren joanak eta ajeak, tarteko lasaituek eta ondorengo lasaitzeek bihurtzen ote duten poz hori jasandako kolpeen pareko, alegia.
Jakitea ixtear egon litekeela auzia, baina ez dela zigorrik gabea izan. Ez nahastea kolpearen tamainak eta pozarenak, ez doazelako proportzio berean; ezin direlako joan. Izan direlako espetxeratzeak, izan direlako torturak, izan direlako itxitako komunikabideak, izan direlako etendako bizitzak, izan direlako baldintzatutako bizitzak, zatartutako izen onak eta zartatutako izan onak.
2003ko otsailaren 20ko kolpea 2010eko apirilaren 12ko pozarekin parekatu ezina den bezala, 2003ko urriaren 16ko kolpea alderaezina da atzoko pozarekin. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga absolbituak batean. Jose Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi 128 urteko espetxealditik salbu egon litezke bestean, haien ustezko delituak preskribatuta daudela iritzi diolako epaileak (eta fiskalak?). Absoluzioak eta preskribatzeak ez du zigorrik eza esan nahi. Etxe oso bat eraitsi zuten errotik. Senitarteko, lagun eta lankide sarea josturetatik eten; komunitate bat osoa iraindu. Zauriaren mina orbainaren zirriborroarekin estaltzea bezala litzateke hori.
11 urteko joana ezin delako kolpe eta poz mugarrietan neurtu. Malkoak xanpainarekin nahastu ezin diren bezala. Juan del Olmok, Eloy Velascok eta Dignidad y Justiciak emandako irakatsiak dira horiek (ere). Damoklesen ezpata haizatu beharraren haizatu beharraz zintzilik beharrean barneraino ez ote diguten sartu, fidakaitz, izu eta muxin bihurtu arte. Bost egun eta fiskal bat daude ezpatak eta izuak gainetik kentzeko.
Eta horiek gainetik kendutakoan izango da unea ariketa egiteko. Oroitzekoa baino gehiago, memoria egiteko. Pozari benetako tamaina jartzeko. Bestea, zauriaren mina orbainaren zirriborroarekin estaltzea litzateke.