Joan Mari Torrealdai (‘Egunkaria’-ko auzipetua)
Euskal Herritik kilometro askotara harrapatu nau albisteak. Lehenengo eta behin, nire zorionik beroenak sufrikario honetan kide izan ditudan guztiei, eta familiei. Eta ez horiei bakarrik: euskalgintzako lagun askori ere bai.
Iritsi da azkenik amesgaiztoaren bukaera nahi genukeena. Akusatuen aulkian ez gara eseriko agian, baina halaxe eduki gaituzte 2003tik gaurdaino, are estutzen gintuen soka batetik zintzilik.
Amesgaizto hau hemen bukatu edo ez, goraki adierazi behar dugu guk ez dugula deliturik egin, inolakorik ere ez. Hemen baldin bagaude eta horren luze eduki bagaituzte horrela, bestelako jokamoldeengatik izan da, bestelako blokeo eta interesengatik. Gu biktima hutsak izan gara, beste behin.
Kasu honetan aspaldi ezagutu dugu absurdoaren eremua, akusazioen aldetik (Dignidad y Justiciak abiatua gero fiskaltzak beretzat hartu izana nahiz eta hura kanpora bota), Eusko Jaurlaritzaren txostena aintzat ez hartzea. Esperpentoaren kapitulu bat gehiago. Egunkaria-ren liburu beltz honetan.
Gaur amaitu edo ez, beti gogoan izan beharko genuke 1990a, Egunkaria ilusioz beteta sortu genuen urtea, datorren urtean hain zuzen zilar ezteiak ospatuko baititugu. Zorionak, hortaz.