Esan zuen apirilean eginiko aurretiazko saioan: ez zuela artxibatzerik nahi, akusatuen aulkian eserarazteko eginahal guztiak egingo zituela. Eta hitza bete du. Orain, auzia artxibatzearen aurkako helegitea jarri du fiskaltzak, aurkakoa egin zezan Euskal Herriko eragile politiko eta gizartearen gehiengo handi batek eginiko eskaerari entzungor eginez. Epaiketa nahi du, eta egiten bada, orduan ikusiko du zigor eskaerei eusten dien edo ez.
Auzipetuei leporatutako ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita, Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen Donostiako 3. Zigor Epaitegiko Carmen Zubimendi epaileak, ekainaren 5ean jakinarazitako auto baten bidez. Fiskaltzak, aldiz, uste du zortzi auzipetuei leporatzen dizkien ustezko delituek ez dutela preskribatu. Hala, kasua artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu du Espainiako Estatuko Fiskaltzak, Gipuzkoako Probintziako Fiskaltzaren bidez, ekainaren 11ko data duen idatzi batean.
Epaiketa egin edo ez erabakitzeko ardura, orain, geratuko da oraindik zehaztu gabe dagoen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren sala baten esku. Fiskaltzaren helegitea inpugnatuko dute defentsek, Berria-k jakin duenez, eta salak hori onartuko balu, auzia artxibatuta geratuko litzateke, behin betiko. Aldiz, fiskaltzaren eskaera aintzat hartuko balu —osorik edo partzialki—, auzia artxibatzea erabaki duen epaileari berari aginduko lioke epaiketa egiteko. Hilabete batzuk pasa daitezke hori guztia argitzeko.
Zortzi lagun daude zain: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi. Fiskaltza da akusazio bakarra, Dignidad y Justicia elkartea prozeduratik kanpo geratu baitzen, Egunkaria-ren aurkako auzi nagusia amaitu eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuenean auzi ekonomikoa deiturikoak “delitu terroristekin” zerikusirik ez duela eta Gipuzkoan epaitu behar zela. 2003ko urrian izan zen auzi ekonomikoaren polizia operazioa. Zortzi hilabete lehenago euskarazko kazeta itxi zuen Auzitegi Nazionalak
Auzi nagusian epaitutako bostak absolbituta ere, Espainiako Estatuaren ordezkariak, halere, eutsi egin dio auzi ekonomikoaren akusazioari. Kasu honetan, zortzi auzipetuei leporatu die diru kontuak faltsutzea eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzur egitea. Eta zigor eskaera handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euro. Hori egin du ustezko delitu horietan kaltetuak —Eusko Jaurlaritzak— halakorik ez zela egin birritan esan duen arren, epaitegietan aurkeztutako txostenen bidez.
Preskripzioa: noiz eta nola
Epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen, apirilaren 7an eginiko aurretiazko saio batean aldeak entzun ondoren. Bat egin zuen defentsen tesiarekin, eta legedian eta jurisprudentzian oinarrituta, ondorioztatu zuen fiskaltzak auzipetuei leporatzen dizkien ustezko delituak preskribatuta daudela. Azpimarratu zuen, horiek frogatuta ere, bost urtera preskribatzen dutela —leporatutako ustezko delituak 1998 eta 2001 artean egin omen ziren—.
Ordutik 16 eta 13 urte igaro badira ere, preskripzioa ebazteko, aurretik argitu behar da zein erabaki judizialetan zehazten diren, argi eta garbi, ustezko delituak eta usteko delitugileak. Epailearen arabera, 2007an gertatu zen hori, urte horretako apirilean kaleratutako auto batean Auzitegi Nazionalak erabaki zuenean auzia prozedura laburtua bihurtzea. Hor “lehen aldiz” zehaztua geratu ziren, epailearen arabera, “inputazioaren zedarriztatze objektiboa eta subjektiboa”. Auzipetuei leporatzen zaizkien delituak 1998tik 2001ra egindakoak omen direnez, legeak jasotzen duen bost urteko epea amaituta egongo litzateke 2007an. Eta, beraz, auzia artxibatu beharko litzateke, epailearen arabera.
Fiskaltzarentzat, aldiz, Auzitegi Nazionalak 2003ko azaroan kaleratu zuen auto batean argitu zituen preskripzioa zehazteko baldintzak. Eta, beraz, bost urteko epearen barruan eginak lirateke ustezko delituak. Horretan oinarrituta jarri du helegitea. Orain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabaki behar du Zubimendi epaileak berak kaleratutako autoa berrikusi behar duen edo ez.
Auto horretan epaileak ez zuen bat egin fiskaltzaren ikuspuntuarekin; argudiatu zuen, besteak beste, 2003ko autoan auzi ekonomikoarekin zerikusirik ez duten hainbat lotura egiten direla. “Auto horrek ez du zehaztasun bakar bat ere egiten auzi honetan delitu gisa [kontuen faltsutzea eta iruzur fiskala] har daitezkeen egitateei buruz”, esan zuen. Eta gaineratu: “Zehaztugabetasuna erabatekoa da […] Kalifikazio —larriak— egiten ditu, baina ez du horietara iristeko behar diren gertakari zehatzen berri ematen. Eta, jakina, ez du datarik aipatzen ezta zenbatekorik ere diru laguntza publikoei buruz edo iruzur egindako kopuruari buruz”.
Oso bestela pentsatzen du fiskaltzak. Helegitean dio 2003ko autoan “modu nahikoan” deskribatzen direla “delituzko jokaerak”. “Eta ezin hobeki” identifikatzen direla “ikertutako delituaren egile gisa azaltzen diren pertsonak”. Bai, gutxienez, bost auzipeturen kasuan. Izan ere, Furundarenaren, Albisuren eta Zubeltzuren kasuak besteengandik aparte aztertu behar direla dio, hiruron inputazioa 2006. urtera arte ez zegoelako zehaztua.
Bereizketa hori egiten duen arren, apirileko saioan zortziak epaitzearen alde egin zuen fiskalak. Defentsek erabilitako argudioen aurrean, zalantza uneren bat ere agertu zuen, eta saioa une batez eteteko ere eskatu zion epaileari, “kontsulta batzuk” egiteko. Tarte horren ostean, halere, eutsi egin zion bere jarrerari: esan zuen legearen interpretazio “oso zurruna” egin zutela abokatuek, eta hori maiz eginez gero epaiketa gutxi egingo liratekeela.
Oinarrizko eskubideak
Epeez gain, fiskaltzak uste du ustezko delitugileen inplikazioa frogatuta geratu zela 2003an, atxilotu eta inkomunikatu ondoren, auzipetuen etxeetan atzemandako dokumentazioaren, haiei aurretik eginiko telefono entzuketen eta “beste diligentzia” batzuen bidez.
Horrekin lotuta, apirileko saioan defentsek eskatu zuten, besteak beste, oinarrizko eskubideen urratzeak ere aintzat hartzea auzia bertan behera uzteko eta auzipetuak absolbitzeko. Epaileak, halere, ez zuen beharrezkotzat jo horiei buruz iritzia ematea artxibatze autoan. “Ustezko delituen preskripzioak ez beharrezko bihurtzen du aurretiazko saioan planteatu ziren [beste] eskaerei buruzko iritzia ematea”.
Hala ere, eta zeharka bada ere, epaileak agerian utzi zuen auzi ekonomikoaren akusazioak eraikitzerako orduan Juan del Olmo instrukzio epaileak erabili zituela auzi nagusirako erabili zituen Guardia Zibilaren txosten berberak. Eta txosten horiek direla, hain justu, akusazioaren oinarria, jakinda, epailearen arabera, auziarekin zerikusirik ez dutela eta auzi nagusian frogatu ez diren egitateak jasotzen dituztela.
Horrekin batera, epaileak gogoratu zuen ustezko kaltetuak ere uko egin ziotela auzian parte hartzeari, eta deliturik ez zela azaldu zutela bi txosten sendoren bidez: 2012an, Patxi Lopezen gobernuaren Kultura Sailak eginikoa bata; eta bestea, Iñigo Urkulluren gobernuko Ogasun eta Finantza Departamentuak, 2013an. Biak fiskaltzaren eskuetan dauden arren, epaileak gogoratu zuen ez duela inoiz horiei buruzko azalpenik eman, eta ez dituela kontuan hartu bere akusazioetan. Orain ere ez ditu aipatu.
Fiskaltzak, beraz, ez du horretan guztian sartu nahi. Eta argi utzi du hori bere helegitean. Esan du “formazkoa eta soilik teknikoa” dela. Ez dela “edukian” sartzen, epailea ere ez zelako sartu artxibatze autoan. Zirrikitu hori baliatu nahi du orain auzipetuak akusatuen aulkian eserarazteko. Esan zuen: “Baliogabetasun, preskripzio eta urratze eskaera ororen aurka egingo dugu”. Eta egin du.