Jon Ordoñez (‘Berria’)
Susmoak beti dira susmo, baina zenbaitzuetan batek badaki noiz espero daitezkeen berri onak, eta noiz ez. Itxia zirudien Egunkaria auziaren adar ekonomikoak, epaileak orain bi aste delituak preskribatuta daudela ebatzi ondoren. Itxia zirudien auzipetuek azaldu zutenean ez zela hori eurek espero eta nahi zuten ebazpena, baina pasatutako kalbarioaren ostean, konforme zirela hori behin betiko amaituko bazen. Bada, ez da amaitu. Ez ustez kaltetuak izan zirenak, ez epaileak, ez eta auzipetuek ere ez dute ikusten auziarekin aurrera jarraitzeko motiborik, baina oraindik ez da itxi.
Esan daiteke, nolabait, badirela auzi honetan hiru ixte: izan zena, behar duena, eta nahi ez duenarena. Lehenengoa orain dela 11 urte behartu zuten, otsaileko gau hotz batean Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria-ren egoitzan sartu eta betiko itxi zuenean; gero zabaldu zuten adar ekonomikoa, zortzi hilabetera, atxiloketa gehiagorekin. Bigarren ixtea da behar duena, baina oraindik iritsi ez dena, auzi ekonomikoarena; epaileak erabaki du ezin dela aurrera egin ustezko delitu horiekin, eta itxitzat eman du. Eta itxita egongo zen honezkero Donostiako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzaren itxitasunagatik izan ez balitz. Horra hirugarrena. Itxierak sortu zuen oinazearen bidean, itxitasuna da orain mingarriena. Telefono deiek, une jakin batzuetan, sekula ez dakarte berri onik.