Egunkaria-ko auzi ekonomikoan epaiketarik egin ez dadila eskatzeko elkarretaratze bat izango da bihar zortzi (osteguna) Donostiako Auzitegiaren atarian, Atotxan, 11:30etik aurrera. Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz epaileek hilaren 19an aztertuko dute epaiketa egingo den ala ez.
Donostiako Zigor Auzitegiak joan den ekainaren 4an itxi egin zuen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, ustezko delituak preskribitutzat jota —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea—, baina Gipuzkoako Fiskaltzak ekainaren 11n apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribituta ez dagoela iritzita. Defentsak helegitea inpugnatu zuen. Kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatu zen, eta hango 3. sekzioko epaimahaiak aztertuko du epaiketa izango den.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu dira kasuan auzipetuta daudenak. Fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna.
2003ko urriaren 16an egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegiko Nazionaleko epaileak aginduta. 2010eko maiatzean Auzitegi Nazionalak Donostiako epaitegira igorri zuen auzia, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren ostean.