“Itsukeria” baten kronika

2014, irailak 17

p005_f01.jpg

Gipuzkoako Auzitegiak ostiralean aztertuko du ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren auzi ekonomikoaren epaiketa egin edo ez. Zenbait legelariren arabera, argudio sendoak daude leporatutako delituak preskribatuta daudela ebazteko. Mahai inguruko lau argazki

“Itsukeria” baten kronika da Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzia. “Bultzada politiko batek abiatu zuen, gaur egunera arte bizirik mantendu duen bultzada politiko berberak”, dio Juan Jose Alvarez legelariak. Auzi nagusian absoluzioa ebatzi ostean, auzi hartatik eratorritako pieza ekonomikoarekin zer egin aztertuko du ostiralean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko epaimahai batek. Epaiketa egin edo ez. Hiru magistratuek argumentu juridiko sendoak izango dituzte mahai gainean: batetik, fiskaltzarenak, eta bestetik, defentsarenak. Eta baita maiatzaren amaieran preskripzioaren alde egin zuen Donostiako auzitegiko epailearen ebazpena ere. Eztabaida teknikoa izango da. Leporatutako delituak preskribatuta dauden edo ez erabaki beharko dute. Epailek, baina, ezin izango diote iskin egin auziaren jatorrian dauden oinarri politiko, sozial eta kulturalei.

Hala uste dute, behintzat, Gipuzkoako Abokatu Elkargoan egindako mahai inguru batean parte hartu duten Iñaki Esparza EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedradunak, Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbidean katedradunak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidente eta legelariak.

Ikuspuntu juridiko batetik heldu diote gaiari. Hiruek, halere, agerian utzi dute euren iritzia. Fiskaltzaren bidez, Madrilgo exekutiboak auzia bizirik mantendu izana salatu dute; irmo. “Ez dakit zein helbururekin ari diren luzatzen auzia, baina ziur asmoa ez dela ona”, adierazi du Esparzak. “Elkarbizitzaren aurkako erasoa izan zen Egunkaria-ren itxiera, eta hala izaten jarraitzen du”, azpimarratu du Urrutiak. Izaera politikoa nabarmendu du Alvarezek ere: “Bizirik mantendu nahi dute esateko irekita jarraitzen duela. Baina bultzada politiko batengatik sortu zen moduan, beste bultzada politiko baten ondoren hilko da. Hilotz juridiko bat da”.

Zortzi lagun daude auzipetuta: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi. Haietako batzuk izan dira ekitaldian. Eta guztiei babesa emanez, Jesus Mari Zamora Realeko jokalari ohia, Pedro Miguel Etxenike, Ramon Zallo eta Joxe Azurmendi EHUko irakasleak, Paul Bilbao Kontseiluko lehendakaria, Aizpea Goenaga Bernat Etxepare Institutukoa, Beatriz Zabalondo Berria taldekoa, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria eta Carlos Garaikoetxea EAEko lehendakari izandakoa, besteak beste.

Justiziaren kalitatea

Fiskaltzak auzipetuei leporatzen dizkien ustezko delituak preskribatuta dauden edo ez. Horrek makurraraziko du balantza alde batera edo bestera, hala azaldu dute mahai inguruan parte hartu duten adituek. Preskripzioaren alde egin zuen Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak, eta fiskaltzak helegitea jarri. Haren eta defentsaren argudioen sendotasuna azpimarratu dute hiru legelariek. Hiruek, baina, uste dute preskripzioaren aldeko jarrera gailenduko dela azkenean.

Fiskaltza da akusazio bakarra: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna eskatu du, diru kontuen faltsutzea eta iruzur fiskala leporatuz. Gipuzkoako Ogasunak eta Eusko Jaurlaritzak, bitan, aitortua dute, txosten sendoen bidez, ez zela iruzurrik egin eta laguntzak legezkoak zirela.

Txosten horiei aipamenik ere ez die egin fiskaltzak bere akusazio idatzian. Epaiketa egin nahi du, kosta ahala kosta. Eta gero gerokoak. Leporatutako delituek, baina, bost urtera preskribatzen dute. Eta ordutik 16 eta 13 urte igaro badira ere, preskripzioa ebazteko, aurretik argitu behar da zein erabaki judizialetan zehazten diren, argi eta garbi, ustezko delituak eta ustezko delitugileak. Auzipetuen defentsaren —eta Donostiako auzitegiko epailearen— arabera, 2007ko apirilean gertatu zen hori, Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki zuenean auzia prozedura laburtua bihurtzea. Fiskaltzaren arabera, aldiz, 2003ko azaroko auto batean zehazten dira delituak eta delitugileak.

Alvarezek azaldu duenez, baina, auto horrek Egunkaria-ren auzi nagusiarekin du lotura, eta ez ekonomikoarekin. Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman zuen auzi nagusian, 2010ean, eta horrek “indargabetu” egingo luke auto hori. “Sare pelagiko bat da akusazioa. Zehazgabetasun ikaragarria du, dena sartzen da zaku berean”, salatu du EHUko katedradunak.

“Zehazgabetasun” horri heldu dio Esparzak ere, eta gogora ekarri du jurisprudentzia eta legediak preskripzioari buruz esaten duena; alegia, argia izan behar dela inputazioa. “Eta hori ez da hala”. Haren ustez, horrek eta auzia hasi zenetik 11 urte igaro izanak kalte handia egin die auzipetuen oinarrizko eskubideei, eta hori ere kontuan izan beharko luke epaimahaiak. Zuzenbide Prozesaleko adituaren iritzian, “preskripzioaren instituzioak” balio du zuzenbide estatu baten kalitatea neurtzeko. “Eta kasu honetan berretsi dut neukan susmoa: presazko aldaketa bat behar dela”.

“Iraganeko joerekin” kezkatuta azaldu da Urrutia. Euskaltzaindiko lehendakariak azpimarratu du zuzenbidea elkarbizitzarako tresna izan behar dela, Egunkaria-k horren alde egin zuela, baina Madrilgo orduko gobernuak “zuzenbidea erabili” zuela, hain justu, “eskubideak mugatzeko”. “Gure gizartearen pluraltasun kultural eta linguistikoa epaitu da auzi honetan. Elkarbizitzaren aurkako erasoa izan da”.

Argazkian, Iñaki Esparza, Juan Jose Alvarez eta Andres Urrutia, atzo, Donostian egindako mahai inguruan. / Argazki Press

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>