‘Egunkaria auzia’ ixteko exijitu dute

2014, irailak 18

20758.jpg

Egunkaria-ko auzi ekonomikoan epaiketarik egin ez dadila eskatzeko elkarretaratze bat egin dute gaur Donostiako Auzitegiaren atarian dozenaka lagunek. “Duela 11 urte hasi zen Egunkaria auzia. Nahikoa sufritu dugu”, adierazi du Iñaki Uriak bilkuran zortzi auzipetuen izenean, hedabideen aurrean, eta kasua bukatzeko eskatu du. Bilkurako sei argazki

Bilkuran izan dira Patxi Baztarrika (Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea), Jokin Azkue (Jaurlaritzako Euskara Promozio zuzendaria), Paul Bilbao (Kontseiluko idazkari nagusia), Iban Arregi (Berria Taldeko kontseilari ordezkaria), Garbiñe Petriati (Behatokiko zuzendaria), Garbiñe Errekondo, Iñaki Errazkin eta Ikerne Badiola (Gipuzkoako Aldundiko diputatuak), Zigor Etxeburua (Aldundiko Euskara zuzendaria), Nora Galparsoro eta Nerea Txapartegi (Donostiako udal gobernuko zinegotziak), Pernando Barrena eta Karmele Aierbe (Sortu), Ainhoa Galdos eta Zorione Etxezarraga (EAJko Gipuzkoako batzarkideak), Marian Beitialarrangoitia (EH Bilduko legebiltzarkidea), Ainhoa Beola (Aralar), Mikel Izagirre (Ezker Anitza), Patxi Agirrezabala eta Xabi Anza (ELA), Jabi Garnika (LAB), Joserra Olano (IKA), Oskar Elizburu (AEK), Mariano Ferrer eta Jaime Otamendi (kazetariak), Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria), Estitxu Eizagirre (Argia-ko zuzendaria), Pello Zubiria (Egunkaria-ko auzipetu izandakoa), Iban Arantzabal (Goiena-ko zuzendaria), Aizpea Goenaga (Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria), Joxe Azurmendi (euskaltzale eta pentsalaria), Jabier Muguruza (kantaria), Kirmen Uribe (idazlea), Maialen Lujanbio (bertsolaria), Antton Olariaga (marrazkilaria), Jesus Uzkudun (EAEko CCOO), Xabier Mendiguren Bereziartu (itzultzailea)…

Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko epaileek bihar aztertuko dute Egunkaria-ko auzi ekonomikoan epaiketa egingo den ala ez. Auziak “bultzada politikoa” duela salatu du Iñaki Uria auzipetuak Donostiako elkarretaratzean. “Auzian ez dago kalteturik eta deliturik”, gaineratu du Uriak. Euskal gizartearen “babesa” eksertu dute auzipetuek.

Asteartean Donostian egin zuten mahai inguruan ere, bultzada politiko batek hasi zuena beste bultzada politiko batek amaitu behar duela aldarrikatu zuten Iñaki Esparzak, Juan Jose Alvarezek eta Andres Urrutiak. Atxikimendu kanpaina ere abian da auzipetuei babesa adierazteko, eta jada 1.500 pasa dira.

Gipuzkoako Auzitegian bihar

Carmem Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak joan den ekainaren 4an jakinarazi zuen itxi egin zuela Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, ustezko delituak preskribitutzat jota —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea—, baina Gipuzkoako Fiskaltzak ekainaren 11n apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribituta ez dagoela iritzita. Defentsak helegitea inpugnatu zuen. Kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatu zen, eta hango 3. sekzioko epaimahaiak aztertuko du epaiketa izango den.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu dira kasuan auzipetuta daudenak. Fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna.

2003ko urriaren 16an egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegiko Nazionaleko epaileak aginduta. 2010eko maiatzean Auzitegi Nazionalak Donostiako epaitegira igorri zuen auzia, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren ostean.

Argazkian, gaur goizeko bilkura, Donostiako Auzitegiaren atarian, Atotxan.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>