(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Xabier Mendiguren Bereziartu (Kontseiluko idazkari nagusi ohia)
Egunero bezala, trenetik jaitsi eta bidezidorrean behera Martin Ugaldera abiatu nintzenean, laster ohartu nintzen ohikoa ez zen sentipen gozakaitz batez. Otsaileko goiz freskoa zelako soilik ez, Guardia Zibilaren patrolarekin tupust egin nuelako baizik. Tximista hotz gisako batek astindu zidan bizkarrezurra. Errepidetik laneko eraikina bitartean txutxu-mutxuka ari ziren lankideen begiradek galdera premiarik gabe erakusten zuten gertatzen ari zenaren larria. Tenkatutako ondoez amorruzko bat nabari nuen.
Ondoren, atxilotuek eta indar armatuek alde egitean, bat-batean ekin genion egoerari aurre egiteko lehen pausoak emateari. Egia esan behar badut, egoera hark ez gintuen erabat ustekabean harrapatu, baina kosta egiten zitzaigun irenstea beldurra genion hura, azkenean gertatu egin zela, aurrez aurre geneukala.
Deien eta bileren zurrunbiloak irentsi gintuen orduan, eta zartako haren kaltea eta mina ahalik eta txikiena izan zedin, ateak itxi zizkioten egunkariak, etenik gabe jarraitu behar zuen «egunero». Beraz, Egunero izan zen erasoaren lehen erantzuna, eta manifestaldi baterako deia egitea izan zen lehen erabakia.
Jendearen erantzuna erraldoia izan zen eta era guztietako pertsonek eratua. Milaka euskaldun askoren babesa sentitu genuen, baina aldi berean ongi sentitu genuen jasotako zartadaren basakeria ankerra ere. Euskalgintzak, oro har, batuta erantzun zigun, baina alderdi batzuetan zalantzak eta albora begiratzeak izan ziren.
Egunero-ren inguruan biltzen ari zen solidariotasuna mamitu eta BERRIA egunkaria eraikitzeko urratsak egiteari ekin zioten langileek.
Bitartean Acebes espainiar ministroaren ahotik gezurra nola ari zuen jabetu ginen, baina beste askoren laguntasuna ere iristen zitzaigun, zorionez.
Egun hura gogora ekartzen dudan bakoitzean sentipen gozakaitza nagusitzen zait, ikara ere bai zenbaitetan, baina ekintzan murgildu ahala gero eta adoretsuago sentitzen ginen, nahiz eta erasotako egunkariaren zutabe nagusiak larrutik ordaintzen ari zirela jakin. Kontseiluak zeregin garrantzitsua izan zuen kolpe basati hura gozatzen, izan ere, besteak beste, horretarako ere sortua baitzen. Beste behin garbi geratu zen elkar hartuta askoz hobeto erantzuten zaiela zailtasun eta erasoei. Eta Euskaldunon Egunkaria-ren ondotik BERRIA lotu zitzaion bideari.