Jakes Goikoetxea (Berria)
Ospatzeko tresna izan zen Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak hartatik, salaketarako erabili behar izan zen Espainiako Poliziak 14 pertsona atxilotu ditu, eta 18 etxe arakatu-ra. Bata zein bestea paperezko aldarrikapen tresna izan ziren, eta bataren eta bestearen artean joan ziren milaka zenbakiak ere bai. Baita, jakina, gerora kaleratutako guztiak ere, bai Egunero-k argitaratu zituenak, bai Berria-k kaleratzen dituenak.
Euskaldunon Egunkaria-ren hemeroteka osoa digitalizatuta eta nahi duen ororen eskura dago. 3.789 zenbaki. 200.000 orrialde inguru. Orrialde horietan guztietan bilduta daude Euskal Herriaren eta munduaren historiaren hamahiru urte eta, hori baino gehiago, munduaren ikuskera propio eta oso bat, arlo eta zentzu guztietan. Sarritan esan izan den moduan, herri bat erakusten zuen egunero Euskaldunon Egunkaria-k.
Denborarekin geruzak osatuz eta elkarren gainean jarriz joaten dira, nola lurrean, hala memorian. Geruza zaharrak gero eta urrunago eta gero eta ezkutuago geratzen dira. Zer esanik ez belaunaldi berrienentzat. Horregatik, garrantzitsua da Euskal Herria eta mundua kontatu dituen tresna bat guztien eskura egotea. Ez bakarrik historiaren lekuko, kontalari eta interpretatzaile, baita protagonista ere. Hori ere bada memoria eta kontakizuna.