Euskaldunak eta euskara jopuntuan

2023, otsailak 21

Atzo hogei urte, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxierak mina eragin zuen kazetako langileen artean, zauri bat ireki zuen. Baina ez haien artean bakarrik: BERRIAk garai hartan beste hedabideetan lanean ari zirenengana jo du hura nola bizi izan zuten galdetzeko. Ia denek aipatu dute protesta egin zutela.

eu

Albisteen bozgorailu zena albiste igorle bihurtu zen atzo hogei urte; Euskal Herriaren eta munduaren berri euskaraz ematen zuena, albiste iturri: miaketak, atxiloketak, torturak, epaiketak… Izan ere, atzo bete ziren bi hamarkada Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Horrela, bertako langileei egin zieten zuzenean eraso, baina nola bizi izan zituzten egun haiek gainerako hedabideetako kazetariek? BERRIAk galdetutako batek baino gehiagok gauza bat nabarmendu dute: ez zen Egunkaria-ren aurkako erasoa soilik izan.

MAITE ARTOLA. Euskadi Irratiko kazetaria
«Shock egoeran geratu nintzen; ezin nuen sinistu gertatzen ari zena»

Erredakzioan dei bat jaso zuten, eta goizaldean Martin Ugalde kultur parkera abiatu zen Maite Artola 2003ko otsailaren 20an. Guardia Zibilak hartuta zegoen ordurako, eta gertatzen ari zenaz informazioa ematea tokatu zitzaion: «Shock egoeran bezala geratu nintzen; ezin nuen sinistu gertatzen ari zena, ikusten ari nintzena». Otsailaren 20an ez ezik, aurrerantzean ere «jarraipen oso-oso gertukoa eta zehatza» egin dio irratiak kasuari: «Oso jakitun ginen euskal komunitatearentzat ari ginela lanean, eta euskal komunitate horrek sentitzen zuela eraso egin ziotela Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin». Berari ere ez zaio iruditzen Egunkaria-ari bakarrik egin ziotenik eraso: «Bizitu genuen Euskaldunon Egunkaria-ko lankideekiko enpatia handiarekin, baina jabetuta hura ez zela egunkari baten aurkako erasoa soilik, euskara jopuntuan zegoela».

JUAN KRUZ LAKASTA. Euskalerria Irratiko kazetaria
«Hasieran, ezin sinetsita nengoen; gero, kezkatuago; gero, haserretuago»

Juan Kruz Lakastak parez pare egiten zuen lan Euskaldunon Egunkaria-ko kazetariekin, aurrez aurre baitzeuden haien eta Euskalerria Irratiaren egoitzen ateak. Goiz hartako irudi bat bainoago, hots bat dauka iltzatuta: zulagailuek egoitza zigilatzerakoan ateratzen zutena. Sentimenduak, berriz, nahasita zituen: «Hasieran, ezin sinetsita; gero, gero eta kezkatuago; gero, gero eta haserretuago». Baina ez ziren horretan geratu. Norabide askotan erantzun zuten: «Tokatu zitzaigun ordezkaritzako lankideekin egotea, erantzuna prestatzen laguntzea eta hor egotea».

Hurrengo egunetako bi irudi ere ez zaizkio ezabatu: Martxelo Otamendi zuzendariak torturak salatu zituenekoa eta Donostiako manifestazioa: «Euskal gizartearen erantzun irmo horrek esperantza eman zidan, Dena ETA da tesi birrintzailearen aitzinean».

JUAN CARLOS LATXAGA. Deia’-ko zuzendariorde ohia
«Ezinezkoa zen euskarazko egunkari bakarra horrela ixtea»

«Haserrea». Hori sentitu zuen Juan Carlos Latxagak Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren berri jaso zuenean: «Ezinezkoa zen euskarazko egunkari bakarra horrela ixtea, eta horrelako akusazioarekin, gainera». Egunkaria-ko langileek Andoainen (Gipuzkoa) egin zuten elkarretaratzera joan zela gogoratzen du bai profesional bezala, eta baita norbanako gisa ere. Hala ere, momentu bat dauka argien: Martxelo Otamendi komisariatik atera, eta torturatu egin zutela salatu zuenean. Momentu «gogorra» izan zen beretzat.

AINARA TORRE. Radio Euskadiko kazetaria
«29 ordu jarraian pasatu genituen Auzitegi Nazionalean»

Radio Euskadirentzat Madrildik egin zuen lan Ainara Torrek, eta handik eman zuen Euskaldunon Egunkaria-ren auziaren berri. Epailearen erabakiaren zain pasatu zuten denbora ondo akorduan du: «29 ordu jarraian pasatu genituen Auzitegi Nazionalean». Espetxeratze agindua iristea «nahiko harrigarria eta fuertea» izan zela dio, eta Euskaldunon Egunkaria-rentzat berriemaile zegoen Imanol Murua Uriaz akordatu da: «Gogoratzen naiz Imanol erabat hunkitu zela, eta nahiko gaizki zegoela».

FRANCK DOLOSOR. ETBko kazetari ohia
«’Egunkaria’-k eta BERRIAk aski argi dute mapa zein den»

Baionan «molde desberdinean» bizi izan zuten Egunkaria-ren itxiera, Franck Dolosorren esanetan, Baionako ordezkaritza zabalik baitzegoen. Berehala hasi ziren delegazioko kazetariei informazio eske, «jakiteko zertan ziren, ea haiek ere zerbait bazuten, egoitza itxia zen, atxilotuak ziren…». Ezetz erantzun zieten. Protestak baditu gogoan, baina sektorean, batez ere, euskal kazetariek bat egin zutela dio, geroago beste batzuk «mugitu» baziren ere: «Garai latzak ziren, eta hor beti egon da —eta orain ere bada pixka bat—: euskalduna, beraz, susmagarria». Alabaina, argi du bestelakoa zela Egunkaria-ren jokamoldea eta haren ekarpena: «Guztiak hobetu gaitezke —EITB, orain nagoen hedabidea, BERRIA, Egunkaria…—, baina Egunkaria-k eta BERRIAk aski argi dute mapa zein den».

ELIXABETE GARMENDIA. ETBko kazetari ohia
«Euskaldunok minduta eta irainduta sentitzen ginen»

Otsailaren 20 hartako goizaldean Maddalen Iriartek egin zion deia du gogoan Elixabete Garmendiak. «Esan zidan: ‘Zerbait egin behar dugu’». Esan eta egin: EITBren egoitzara joan orduko sinadurak biltzen hasi ziren; «arrakastatsua» izan zela dio. Baina Garmendia ez zen horretan geratu, handik bi egunera Donostian egin zuten manifestazioan ere parte hartu zuen. Izan ere: «Euskaldunok minduta eta irainduta sentitzen ginen». Ukendua izan zen manifestazioa, aringarria: «Manifakoa izan zen ‘badezakegu’ sentitzea: gure kontra egin dute, baina guk badezakegu».

NEREA AZURMENDI. ‘Zabalik’-eko kazetari ohia
«Berehala ikusi genuen hori [itxiera] eta gehiago ere gerta zitekeela»

El Diario Vasco-k eta El Correo-k ateratzen zuten Zabalik aldizkariko kazetaria zen Nerea Azurmendi Egunkaria itxi zutenean. Maila profesionalean bainoago, pertsonalean erantzun zuela azaldu du. Lagun baten deiaren bidez izan zuen gertatzen zenaren berri. Ondoren, haserrea, atxilotuekiko kezka, zer gertatuko ote zitzaien beldurra… «Ezin sinistu horrelakorik [itxiera] gerta zitekeenik, baina berehala ikusi genuen hori eta gehiago ere gerta zitekeela. Ez zen aurreneko aldia». Talde bezala erantzutea erabaki zuten, eta, kanpoan zen bat izan ezik, lankide guztiak —bost edo sei ziren— joan ziren Donostiako manifestaziora.

IÑAKI IRIONDO. ‘Gara’-ko kazetaria
«Garrantzitsua zen momentuan beste egunkari bat ateratzea»

Gasteizen egiten zuen lan Iñaki Iriondok Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. Gara-ko erredakzioan, zehazki. Ez du ongi gogoratzen nolakoak izan ziren egun haiek, baina albistea irratian entzun zuela dio. «Gasteizko Egunkaria-ren egoitzaren aurrera joan ginen, eta han kontzentrazio bat egin genuen». Egunkaria-ko langileei elkartasuna erakusteaz gain, Gara-k Gasteizen zuen erredakzioa eskaini zieten.

«Guk ere bere garaian izan genuen esperientzia hori Egin itxi zutenean», gogoratu du. Egunkaria-ko langileak ongi ulertzen zituen Iriondok: «Garrantzitsua zen momentuan beste egunkari bat ateratzea, eta horregatik eskaini genien gure erredakzioa lan egiteko».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>