Egunkaria-ren sorreran, 1990. urtean, funtsezkoak izan ziren Herri Batzordeak. Guztira 185 batzorde sortu ziren, 143 herritan. 3.000 lagun inguru aritu ziren euskarazko egunkaria kalean jartzeko dirua lortzen, egitasmoa ezagutarazten… Haien lanari esker lortu ziren Egunkaria argitaratzen hasteko ezinbestekoak ziren 300.000 euroak (orduko 50 milioi pezeta / 2 milioi libera).
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Egunkaria itxi eta berehala hasi ziren lanean Herri Batzordeak, guztiz beren kasa zenbait kasutan eta Egunkaria-ko lan taldeak berak bultzatuta beste hainbatetan. Sustraietara itzuli zen berriro ere proiektua. Aspaldi ikusi ez bezalako mugimendua eragin zuen herrietan Egunkaria-ren ixteak. Gasteiz, Baiona, Zarautz, Iruñea, Miarritze, Durango, Getxo, Tutera, Arrasate… Ezinezkoa litzateke hemen denak aipatzea; ekimena abiatu eta hilabetera, ehun herri batzorde baino gehiago ari ziren lanean. Funtsezkoa izan den lana egin dute herrietan: itxiera salatzeko mobilizazioak, Egunero-ren harpidetzak, material salmenta….