Bihar beste pausua egingo da Euskaldunon Egunkariaren aurka zabaldutako auzibidean. Horren aurrean eta une honetan, Eusko Jaurlaritzak zera adierazi nahi du:
Bi urte eta bederatzi hilabete pasa dira kazetaren itxiera prebentibotik. Denbora luze hori igaro arren, egun ez dago inongo frogarik hartu ziren erabaki haiek oinarritzeko. Auzibidean ez da ezer berririk lortu akusazioak frogatzeko.
Euskaldunon Egunkariaren auzia inoiz gertatu behar ez zen jokamoldearen adierazpen garbia da. Iragan denboraren adierazpena, Aznarren bigarren gobernu-aldikoa. Hurbileko iragan hartan, Estatuaren aginte guztiak baliatu zituzten Euskadiren kontra eta aginte politikoak, era ez demokratikoan, Aginte Judiziala baldintzatu eta erabili zuen.
“Guztia ETA da” funtsik gabeko tesian oinarrituta, justiziaz kanpoko aurre juzkuetatik jokatu zen, ez bakarrik pertsonen aurka, baita egunkari baten kontra ere, hasieratik erruduntzat joz eta beraien bitartez euskal gizartea eta kultura. Lehendakaria, Eusko Jaurlaritza eta hau osatzen duten alderdiak ez zituen aurre juzku horietatik libratu eta gure kontra ere zabaldu zen terroristen lagunak ginelako gezur lotsagabea.
PPren Gobernuak eragindako bultzada politikoa izan zuen oinarrian Euskaldunon Egunkariaren aurka zabaldutako auzibideak. Gobernuak fiskaltzaren bitartez eragin dezakeen baino indar handiagokoa eta funtsik gabekoa, akusazio hutsetan oinarritua.
Are gehiago, Euskaldunon Egunkariaren auziak auzi bidean jarri zituen pertsonak baina horrekin batera, behin behineko itxieraren bitartez, hedabide oso bat erruduntzat jo zuen; nahiz eta herri demokratikoetan prentsaren aurkako edozein auzibideri ekiteko froga sendoak eta epaiak ezinbestekoak izan. Begi bistakoa da, hemen, hedabide baten aurka ekiteko ez zela Espainiako Konstituzioak aurreikusten duen bidea —eta egun arte inoiz erabili ez den auzibidea— erabili, aldiz, itxiera eta ekintza “terrorismoari laguntza ematearen” lauso legalaren aitzakiarekin gauzatu ziren.
Justiziaren oreka eta independentzia ziurtatzeko, prozedura judizialak bermea zor du, aztarna, auzibide eta urrats guztietan. Ekintzabideetan kontuan izan behar da kasuaren larritasuna eta zigorraren proportzioa, baldin eta balego. Euskaldunon Egunkariaren itxi zutenean, genioen eta gaur ere hala diogu: arazo larria litzateke, edozein gauzagatik, berme eta prozedura horiek, demokraziaren sustraietatik datozenak, baztertzea terrorismoaren kontrako politikaren aitzakian. Are eta larriagoa litzateke erruduntasuna errugabetasunari gailentzen bazaio Zuzenbidea nagusi izan behar duen tokian. Erru susmo hori aginteak erein zuen eta Espainiako gizarte zati batean indarra hartu zuen, non euskaltasunarekin zer ikusia duen oro ETAren morroitzat jo izan den, Europako Kontseiluak, berriki, Hizkuntzen gaineko txostenean argi salatu duen bezala
Aginte Judizialari zor zaion errespetu osotik, Euskaldunon Egunkariaren aurka zabaldutako auzibidea bertan behera uztea eta artxibatzea eskatzen dugu. Izan ere, bertan behera uzte horrek, legearen aplikazio zuzena izateaz gain, inoiz gertatu behar ez zen bultzada politiko baten ondorioz zabaldutako auzia zuzentzea bailekarke.
nola leike aginte judizial euskaldunok autatu gabeari errespetoa adierazi, euskaldunok epaitzeko guk autatu behar ditugu gure epaileak, bestela ppsoeren epaileen morrio bihurtzen gaitu, hori dira eta audientzi nazionaleko epaiileak ppsoek autatutakoak eta ez euskaldunek
Comment by ionek — 2009(UTC)k2009 maiatzaTue, 12 May 2009 13:31:11 +0000UTC5 12(pm) @ 13:31