Egunkaria auziko bost akusatuak errugabeak direla erakusteko ezingo du nahi adina froga aurkeztu defentsak epaiketan. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. zigor salak ez ditu onartu defentsak aurkeztutako lekukoen laurdenak ere. 70 lekuko proposatu zituen defentsak, eta haietatik hamasei onartu dizkiote; beste era batera esanda, hamarretik bi. AVT eta Dignidad y Justicia akusazioei, bestalde, berrogeitik gora lekuko onartu dizkiete. Guardia Zibilak dira gehienak.
Nolanahi ere, ezin da zehaztu justu zein lekuko onartu zituzten, autoa ez baitago garbi azalduta. Fiskaltzak ez zuen inolako lekuko eta frogarik aurkeztu, epaiketa egitearen kontra dagoelako eta auzipetuak zigortzeko arrazoirik ez dagoela uste duelako.
Javier Gomez Bermudez buru duen epaimahaiak atzo kaleratu zuen epaiketa hasierako autoa. Berria-k epaiketa abenduaren 14an hasiko zela aurreratu zuen, baina 15ean hasiko da, defentsak hala eskatuta. 16an izango du segida, eta Gabon garaian eten ostean, urte berrian jarraituko du. Onartutako frogen eta lekukoen zerrenda ere atzoko autoan egin zuen publiko epaimahaiak, eta, defentsak proposatutakoei dagokienez, onartutakoen zerrenda baino luzeagoa da atzera botatakoena. Honako hauek dira onartutakoak: Jose Luis Alvarez Santacristina, Carmen Gisasola Sorozabal, Jose Maria Dorronsoro Malasetxeberria, Francisco Jose Domingo Aizpurua, Iñaki Zabaleta Urkiola, Imanol Murua Uria, Nerea Azurmendi Zabaleta, Luzien Etxezaharreta, Aingeru Epalza, Sebastian Barinagarrementeria, Simeon Barroso, Ander Larrañaga, Fernando Berridi, Jonan Fernandez, Jose Luis Zinkunegi eta Iñaki Zubeldia.
Egunkaria-ren sorrera prozesuari eta haren izaerari buruz defentsak galdeketa egin nahi zien lekuko ugari bota ditu atzera: Egunkaria sortu aurretik euskarazko kazeta baten sorrerari buruz gizartean izan zen gogoetari buruz deklaratu behar zutenak, hedabideetan hori nola bizi zen azaldu behar zutenak, KASek eztabaidan izan zuen parte-hartzeari buruzkoak, Egunkaria Sortzen mugimenduari buruzkoak…
Nolanahi ere, sorrerarekin lotutako bi lekuko onartu ditu; hain justu, zuzendaria aukeratzeko prozesuari buruzkoak. Kargu horretarako proposamena jaso zuten Iñaki Zabaleta Urkiola eta Imanol Murua Uria onartu ditu. Baita zuzendariorde lana hartu zuten Nerea Azurmendi eta Luzien Etxezaharreta ere. Aingeru Epaltzaren lekukotza entzutea ere onartu du, Kontseilu editorialean izan zuen parte-hartzeari buruzkoa.
Egunkaria-ren izaerari buruz hitz egiteko defentsak proposatutakoak ere ez ditu onartu: Iñaki Gabilondo eta Gorka Landaburu, kasu. Jose Luis Aizpuru Egunkaria-ren iritzi saileko irizpideak azaltzeko proposatutakoa ere ez. Zentzu horretan defentsak adituen froga gisa proposatutako bi txosten ere atzera bota ditu: Egunkaria-ren izaerari buruz Maria Teresa Agirrezaldegik eta Txema Ramirez de la Piszinak osatutakoa eta Egunkaria-ren sorreraren testuinguruari, haren izaerari, funtzioari eta funtzionamenduari buruz Pedro Ibarrak eta Ramon Zallok egindakoa.
Egunkaria-ren sorrerako dirua ETAk jarri zuela ere esaten du akusazioak. Hori horrela ez zela izan frogatzeko, hainbat lekuko aurkeztu zituen defentsak, baina bi baino ez ditu onartu epaimahaiak: Gorka Izeta Aranguren eta Fermin Lazkano, Egunkaria-ren promozio kanpainak diseinatzen eta bultzatzen aritutakoak.
Epaimahaiak ez ditu onartu Egunkaria eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanei buruzko lekukotasunak ere -Mari Karmen Garmendia, esate baterako-; Jaurlaritzak Egunkaria-ri ematen zizkion diru laguntzei buruzkoak ere ez, ezta Miguel Rey Gonzalezena ere, zeina Jaurlaritzaren izenean Egunkaria-ko administrazio kontseiluan baitzegoen.
Epaiketan ez du torturei buruzkorik entzun nahi epaimahaiak. 2003ko otsailean Egunkaria ixtearekin batera atxilotutakoek jarritako tortura salaketei buruz hitz egiteko, Theo Van Boven NBEko torturei buruzko kontalaria proposatu zuen defentsak, eta epaimahaiak ez du onartu.
Txostenen egile omen direnak
Defentsari onartu dizkioten lekukoen artean, akusazioek Egunkaria eta ETAren arteko lotura egiteko oinarritzat hartzen dituzten balizko idatzien egile jotzen dituztenak daude: Jose Luis Alvarez Santacristina, Carmen Gisasola Sorozabal, Jose Mari Dorronsoro Malasetxeberria eta Francisco Jose Domingo Aizpurua. Lekuko horiek Dignidad y Justiciak ere proposatu zituen.