Egunkaria auziko epaiketa abenduaren 15ean hasiko dela jakitearekin batera, elkartasun mezua helarazi diete akusatuei alderdi abertzaleek. Auzia behin betiko ixtea eskatu dute Aralarrek, EAk, Batasunak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ zein Hamaikabat taldeek.
Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik ia zazpi urte iragan diren honetan, Aralarrek azpimarratu du, «Fiskaltzak adierazi zuen bezala», delitu zantzurik ez dagoela. «Elkartasunik beroena» helarazi die bost akusatuei eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartuko duela aurreratu du.
Batasunak ere bat egiten du mobilizazioekin. «Adierazpen askatasunaren eta herriaren aurkako eraso» horren aurka «duintasunez» erantzuteko eta «herri harresia» eraikitzeko beharra azaldu du.
EAk dio Auzitegi Nazionalak «arrazoi politikoek» bultzatuta jarduten duela. Adierazgarritzat jo du Fiskaltzak auzia bertan behera uzteko eskaera aintzat ez hartzea epaimahaiak eta Dignidad y Justicia zein AVTren argudioetan oinarritzea epaiketa. «Arrazoi ezaren» garaipena dela azpimarratu du, eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa gauzatu dela iritzi dio.
EAJk eta H1ek «auzia behin betiko artxiba dezala eta egindako kalteak konpon ditzala» eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Akusazioaren tesia salatu dute: «Ez da zilegi Konstituzioaren zein estatutuen euskara sustapenetik kanpo dagoen guztia ETA dela esatea», gaineratu dute.