Dozenaka lagun elkartu dira Baionako herriko etxe aurrean, Egunkaria-ko auzipetuen aurkako auziaren salatzeko eta auzipetuei sostengua adierazteko. Kultura, politika, gizarte eta ekonomia arloko hainbat eragile hurbildu dira beren sostengua adieraztera. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi, hiru lurraldeetako herritarrak bilduak ziren Egunkaria libre! pankartaren gibelean.
Izan Batasuna, Abertzaleen Batasuna, EAJ ala Berdeak, hainbat alderdi politikotako bozeramaile edota kide hurbildu dira beren sostengua adieraztera. Jean Lizar Akitaniako lehendakariordea, zeina Berdeetan dagoen, «injustizia osoa den auzi horren salatzeko» etorri da elkarretaratzera. Peio Etxeberri-Aintxart, Abertzaleen Batasuneko bozeramaileak, Egunkaria-ren hestearekin «gaurko Europan dagoen anomalia demokratikoa» salatzera etorri da. Bestalde, Ramuntxo Camblong EAJko Ipar Buru Batzarreko lehendakariordeak «Egunkaria-ren auzia injustizia hutsa» dela adierazteko zegoen elkarretaratzean.
Euskararen arloan lanean ari diren hainbat eragile ere heldu dira elkarretaratzera; besteak beste, AEK-ko lehendakari Maider Hegi. Hegiren iritziz, Egunkaria-ren aurkako auzia «injustizia eta erokeria bat» da, eta «hasieratik sostengatzaile izaki», garai zail hauetan ere sostengatzera etorri da. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria «euskararen aurka zuzeneko erasoa egitea helburu daukan amarrua» den auzi honen salatzeko zegoen Egunkaria-ren aldeko elkarretaratzean.Kultur arloko artista andana bat ere Egunkaria libre! mezuaren atzean elkarretaratu dira, hala nola Daniel Landart, idazle eta Euskal Kultur Erakundeko zuzendariordea, «adiskidetasunez, atxikimenduz, eta auzi lotsagarri honen salatzeko» etorria. Eki Erramundegi bertsolariak ere sostengua adierazi du: «Euskaraz dagoen egunkari bakarra delako eta gurea delako… guk egin beharko dugulako, ez digulako beste inork egingo». Erramun Bachok Euskararen Erakunde Publikoko kontsulta batzordeko kidea, «kartzelatu nahi dituzten arduradunen sustengatzeko» etorri da Baionako elkarretaratzera.
Egunkaria-ren aurkako auziko epaituei adierazitako sostengua azkartuz joan da azken aste hauetan Ipar Euskal Herrian. Kultur eta gizarte arloko hirurogei lagun inguruk Egunkaria-ren aurkako auzi hau salatu dute. Horrez gain, Euskal Konfederazioak azaroaren 24an, agiri baten bidez, «epaituei sostengu osoa erakutsi» eta «mamirik gabeko auzi hori bertan behera uztea» galdetu dio Auzitegi Nazionalari.
Aurreko ostiralean, hogeita hamar lagun inguru bildu ziren Baionako Patxoki gelara, Egunkaria-ren auziari buruzko informazio gaualdira. Horrez gain, ondoko asteetan, Nafarroa Beherean da egingo Egunkaria-ren aurkako auziari buruzko informazio gaualdia.