Iñaki Petxarroman (Berria)
Ez dute ulertzen. Ez dute gustuko. Haien aurkako mehatxuaren doinua hartzen diote. Gure musikari. Anari, Txomin Artola, Amaia Zubiria, Ken Zazpi, Rafa Rueda, Pantxoa eta Peio, Oskorri, Martikorena, Bedaxagar, Urko, Niko Etxart, Anje Duhalde, Gorka Urbizu, Mikel Urdangarin. “Egunkaria sentitzen gara”, esan du Peio Ospitalek. Nola eskertu horrelako babes oldea? Auzitegi Nazionalean espero dituzte Egunkaria-ko auzipetuak. Eta haiekin batera denok epaituko gaituzte; eta, kartzelatuz gero, denok kartzelatuko gaituzte. Kartzela gaitzatela! Denok baikara Martxelo, Xabier, Joan Mari, Iñaki eta Txema. Haien delitu bera egin dugu, egiten ari gara eta egingo dugu. Eta haien lana goretsiko dugu, apologia egingo dugu. Eta abestuko dugu, eztarria urratzeraino. Batzuei arrotz bazaie ere, gure musika ez doalako inoren aurka. Baizik eta gure alde. Ze, kantatzeko eskubidea dugu, eta kantatu nahi dugu. Kantatzen duen herria ez baita erraz hilko. Eta gure kantak maite ditugu. Gureak direlako. Eta haienak ere bai… Ulertu nahiko balituzte.