Nolatan bereizi zituzten sumario nagusia eta ekonomikoa? (4)

2009, abenduak 4

Imanol Murua Uria, Sustatu.com

Egunkaria itxi zutenean, 2003ko otsailaren 20an, hamar lagun atxilotu zituzten, bost egun inkomunikatuta eduki zituzten eta, gehienak torturapean, galdekatu egin zituzten. Guardia Zibilaren aurreko polizi deklarazioa egin zuten aurrena, eta Juan del Olmo epailearen aurreko deklarazioa egin zuten gero. Egunkaria-ren egoitza guztiak eta atxilotuen beste lantokiak —Jakin, Argia, Herri Irratia, Plazagunea— miatu zituzten, eta ordenagailu ugari eta milaka agiri eraman. Baina ez atxilotuek presiopean egindako galdeketatan, ezta milaka agiri horietan ere, ez zuten Egunkaria ETArekin lotzen zuen erantzunik edo zantzurik lortu. Ikerketaren abiapuntu izan zen susmoa, Egunkaria-ren eta ETAren artean diru harremana zegoela alegia, frogatu ezinik jarraitzen zuten.

Beste pauso bat eman zuten, orduan. 2003ko urriaren 16an berriro Martin Ugalde Kultur Parkean ziren guardia zibilak: bederatzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, eta Egunkaria-rekin zerikusia zuten hainbat enpresaren egoitzak miatu eta zigilatu zituzten. Berriro ordenagailu eta agiri ugari eraman zituzten, enpresa horien arteko harreman ekonomikoei buruzkoak, asko. Baina bigarren operazioko atxilotuen galdeketatan ere ez zuten espero zuten erantzunik aurkitu, ezta berriro arakatutako milaka agiri ekonomiko berrietan ere. ETAren arrastorik ez.

Beste zerbait topatu bide zuten: ustezko irregulartasun ekonomiko batzuk, kontabilitatearekin, zergekin, Ogasunarekin edota diru-laguntzekin zerikusia zutenak; besterik gabe, euskaraz jarduteagatik irauteko ere zailtasunak dituzten enpresa defizitario batzuek zailtasun ekonomiko horiek gainditzeko egindakoak diruditen mugimenduak, izatekotan ere auzitegi arruntean epaitzekoak.

Guardia Zibilaren tesi nagusiari oinarria emateko baliagarri ez zirenez, ETArekiko loturarik ez baitzuten inondik inora erakusten, beste sumario bereizi bat irekitzea erabaki zuen Del Olmo epaileak. Baina ustezko irregulartasun arrunt horiek ETAren menpeko enpresa batzuek eginak omen zirenez, Auzitegi Nazionalean jarraitu zuen —eta jarraitzen du— auzi ekonomikoak ere.

Zentzu horretan, esan daiteke ikerketa nagusiaren porrotaren ondorioa dela auzi ekonomikoa.

Biharko galdera: Zer norabide hartu zuen ikerketak itxieraren ondoren?

11 egun falta dira epaiketarako.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>