Durangoko azokara iritsi da Egunkaria libre! aldarria. Azoka irekitzearekin bat, Egunkaria auzia-ren kontrako aurreneko elkarretaratzea egin dute bertan. Hezkuntza arloko ehunen bat lagun batu dira pankartaren atzean, haien artean Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, Xabier Oleaga auzipetua eta ikastetxe publikoetako ordezkariak zein ikasleak.
Bi aldarrikapen nagusi izan ditu elkarretaratzeak, Tellituk azaldu duenez: «Auzipetuei gure elkartasuna adieraztera eta epaiketa bertan behera geratzeko eskatzera etorri gara». Espainiako Auzitegi Nazionalean abian den auzia Egunkaria-ren kontrakoa izateaz gain «euskalgintza osoaren aurkako erasoa» dela ohartarazi du: «Akusazio idatzia irakurriz gero, argi dago euskalgintza osoa egon daitekeela Auzitegi Nazionalaren jomugan».
Abenduaren 15ean hasiko den epaiketan akusatuen aulkian eseraraziko dituzten bost auzipetuetako bat, Xabier Oleaga, Ikastolen Elkartean ari da lanean, eta Tellituk gogora ekarri du duela ia zazpi urte Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean Ikastolen Elkartearen egoitza ere miatu zutela.
Atzokoa ez da izango Durangoko azokan Egunkaria auzia salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko egingo den elkarretaratze bakarra. Bihar ordu laurdenez azoka eteten saiatuko dira, Landako erakustazokan dagoen jende guztia kalera atera, eta hamabost minutuz Egunkaria libre! pankartaren atzean bil dadin. Azoka hustu, plaza bete ekimena Egunkariaren Alde Kultur Elkarteak antolatu du, eta deialdiarekin bat egin dute Gerediaga elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri elkarteak.