Xabier Lekuona (‘Egunkaria’-ko langile ohia). (Oroiminak, Berria).
Iritsi omen da epaiketa eguna. Bai. Auzitegi Nazionaleko epaiketa gaur hasiko da, bost auzipetuen kontrakoa. Akusatzaileen izen-abizenak: AVT eta Dignidad y Justicia, hau da, mendeku gosez eta amorruz bizi diren bi elkarte. Ageriko akusatzaileak dira horiek. Ustezko akusatzaileak. Hor nonbait, sator zuloetan, ezkutuan, zelatan, beste batzuk daude. Hor Guardia Zibila dago, hor Estatuaren zati bat dago, iluna, beltza, beldurgarria. Boteretsua. Horrek kondenatu zuen heriotzara Egunkaria, horrek torturatu zuen, horrek akusatzen du orain.
Zoritxarrez, hala ere, eta egiari zor, Egunkaria-ren kontrako epaiketa lehenago hasia zen. Ez Madrilen, Euskal Herrian bertan baizik. Gutxi batzuengandik bada ere, sortu aurretik jaso zuen egurra. Eta jaio berritan gehiago. Bazka, Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionaleko epaile batzuk agindupean dituen Estatuaren zati horrentzat. Eta itxi eta gero, egurra jasotzen jarraitu zuen: «Errautsak zimentarri» gogoratzen dut nik, iltzatuta daukat oraindik, atzean, bizkarrean. Fenix hegaztia gogoratzen dut, putre luma dotorez, inguruan, jiraka, aukera txikienaren zain. Garai hartako ekidistantzia ere nolatan ahaztu.
Baina atzoko kontuak dira horiek. Gaur bost lagun epaituko dituzte. Joxemi Zumalabe bizirik balego, seigarrena. Auskalo zer egingo zuketen Martin Ugalde zenarekin. Denak ETAkoak, noski. Ez dakidana da zergatik ez dituzten Egunkaria-ko akzionistak epaitzen, publizitatea egiten zuten erakundeak, gure elkarrizketak onartzen zituzten politikariak, bertako langile guztiak. Delitu bera egin genuen denok. Eraginkorra da gero eskarmentuaren legea!
Baina bai. Beste epaiketa bat Auzitegi Nazionalean, guztiz politikoa. Oraingoan bost lagun mehatxupean. Etorkizun pertsonala dilindan. Euskalgintzako militantearen patua. Urduritasuna, larritasuna, inpotentzia. Libre behar dute irten, libre izateko defendatuko dute euren burua, baina epaiketaren azken egunean aukera ezin hobea izango dute, azken hitza hartuta, zergatik epaitu dituzten azaltzeko, zergatik dugun beharrezkoa euskarazko prentsa azaltzeko, zergatik bizi nahi dugun euskaraz, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula jakinarazteko. Larunbatean, Bilbo lehertuko dugun milaka eta milaka euskaldun ordezkatuak sentituko gara, trantze kaskarrean diren bost lagunongan ordezkatuak sentituko gara. Herri baten ahotsa izango dira epaiketa itsusi horretan.
Gaur hasiko da zorigaiztoko epaiketa. Ez dakigu noiz eta nola amaituko den. Eskatzen hasita, Olentzerori eskatuko diot –Egin egunkariko arduradun eta kazetari presoek beharko luketen gisa berean- Euskal Herrira libre ekartzeko bost lagunak. Etxera. Lanera.