Euskalgintzak eta beste hainbatek babesa agertu die auzipetuei Madrilgo joan-etorrian

2009, abenduak 16

a4.jpg

Auzipetuek gertutik jaso zuten atzo, euskalgintzako ordezkarien babesa. Orain dela zazpi urte Donostiako manifestazioa antolatzen mobilizatu baziren, atzo, euskararen arloan lan egiten dutenen ordezkaritza zabala hurbildu zen Madrilera, Auzitegi Nazionalaren atarira egunean bertan egindako joan-etorrian. Euskal gizartearen hainbat ordezkari euren kasara joan baziren ere, beste hainbatek elkarrekin egin zuten bidaia Madrileraino. Eta modu horretan elkartasunak gainezka egin zuen goizaldean Donostiatik abiatu zen autobusean.

Iristerako zituzten zain auzipetuak. «Atxilotu zituztenean esan genuen gauza bera esatera etorri gara, errugabeak dira eta ez lituzkete epaitu behar; absolbitu egin behar dituzte», esan zuen Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Auzipetuek auzitegirako bidea hartu zutenean txalo artean hartu zituzten, eta batzuek, ahal izan zutenek, auzitegian bertan ere lagundu zituzten auzipetuak, goizeko saioan Uriak eta Oleagak deklaratu bitartean.

«Epaiketa hau ez da soilik pertsona horien kontrakoa. Aurrekari gaiztoa da hau euskalgintzan lanean aritzen diren elkarte eta pertsonekiko; beste auzi batzuk etor daitezkeelako ondoren», esan zuen Mendigurenek, erantzun bateratu baterako deia eginez.

Manifestaziorako deia

Eguerdian, goizeko saioaren ondoren itzuli ziren ordezkari guztiak Euskal Herrira. Auzitegi Nazionalaren aurrean emandako erantzunarekin pozik agertu ziren, baina, auzia ez dela bukatu gogorarazi zuten eta euskaldun, euskaltzale eta euskal herritar guztiak larunbatean Bilbon, 17:00etan egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zituzten: «Ez dugu lasaitu behar, inportantea da ez erlaxatzea, Auzitegi Nazionalean sekula ez dago dena eginda», esan zuen itzulerako bidaian Edurne Brouardek, AEK-ko arduradunak.

Larunbateko manifestazioaren aurrean euskalgintzako ordezkariak indartuta itzuli ziren Madrildik euskararen alde lanean jarraitzeko. Bilboko manifestazioa orain dela zazpi urte Donostian egindakoaren parekoa izatea espero du AEK-ko arduradunak: «Sekulakoa egin behar da». Larunbatean Bilbon atzo Madrilen izan zen ordezkaritza zabala biderkatuko delakoan utzi zuten autobusa bidaiariek hamasei orduko bidaiaren ondoren.

Zerrenda

Distantzia gertu

Babesa eta Bilborako deia herrietan

Bartzelonan ere ozen aldarrikatu dute ‘Egunkaria libre!’

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>