Alderdi abertzale guztietako ordezkariak joan dira Espainiako Auzitegi Nazionalera Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendiri elkartasuna adieraztera. Denek bat egin dute Egunkaria-ren itxiera salatzeko eta auzipetuak errugabeak direla adierazteko. Epaiketa lehenbailehen bukatzeko nahia erakutsi dute, eta azpimarratu soilik absoluzioa izanen dela onargarria. Prentsa ohar bidez, Ezker Batuak eta Alternatibak bat egin dute alderdi abertzaleek adierazitakoarekin. Bilbon eginen den manifestaziora joateko deia egin dute denek.
MARKEL OLANO (Gipuzkoako ahaldun nagusia)
«Etxera itzul daitezela inongo kargurik gabe, prozesu zorigaizto hau bukatuta»
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia konbentzituta dago errugabeak direla, eta, horrenbestez, «amesgaiztoa» lehenbailehen bukatzeko eskatu du. «Etxera itzul daitezela inongo kargurik gabe, prozesu zorigaizto hau bukatuta». Olanok uste du euskal gizartearen gehiengoak berak bezala pentsatzen duela. Olanoren arabera, Egunkaria ixtea eta zuzendaritza kideen aurkako akusazioak egitea euskararen eta Euskal Herriaren aurkako ekintzak izan dira. Bizkaiko Aldundiak ere adierazpen bat onartu du auzipetuei elkartasuna adierazteko.
JOSU ERKOREKA (EAJko diputatua)
«Ea bertan behera gelditzen den, euskarari egindako mesede kaskarra izan delako»
Josu Erkoreka EAJko Espainiako Kongresuko diputatuak ez dauka dudarik. Egunkaria auzian, absoluzioa baizik ez da onargarria. «Ea auzi hau bertan behera gelditzen den, euskarari eta Euskal Herriarentzat oso garrantzitsua zen proiektu kultural bati egindako mesede kaskarra izan delako Egunkaria-ren itxiera».
XABIER ZUBIZARRETA (ezker abertzaleko kidea)
«’Egunkaria’ denon proiektua denez gero, denoi dagokigu babesa ematea»
«Beste auzi asko bezala, bidegabekaria ikaragarria da auzi hau. Egunkaria denon proiektua denez gero, denoi dagokigu babesa ematea. Beste epaiketa askotan gertatutakoa espero dezakegu: epaiketak irabazi egiten ditugu, baina epaia galdu. Espero dezagun, noizbait norabide hori aldatzea eta benetan epaiketan esaten denak ondorio logiko bat izatea epaian».
JON ABRIL (Aralarreko koordinatzaileordea)
«Epaiketa hau ez litzateke egin behar; auzipetuen kontrako frogarik ez dago»
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearen erranetan, epaiketa «astakeria juridikoa» da. Oinarri gabeko epaiketa dela uste du, eta, horrenbestez, bost auzipetuen absoluzioa eskatu du. «Epaiketa inoiz ez litzateke egin behar. Auzipetuen kontrako frogarik ez dago. Susmoak ez dira nahikoak epaiketa bat egiteko, eta estatu demokratiko heldu batean hori gogoratu beharrik ez litzateke izango». Abrilen ustez, euskalgintza dago auzipetuen aulkian. «Bost auzipetuek euskararekiko daukaten konpromisoa epaituko dute; euskara erabiltzeko ahalegina».
PELLO URIZAR (Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia)
«Besteak beste Fiskaltzaren jarrera ikusita, argi gelditzen da inongo frogarik ez dagoela»
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak begi txarrez ikusten du epaiketa, iritzi politiko batzuek bultzatu dutelako. Baina Fiskaltzak artxibatzeko eskatu duela eta, baikor izan nahi du auzipetuen geroari buruz. «Besteak beste Fiskaltzaren jarrera ikusita, argi gelditzen da inongo frogarik ez dagoela».
IÑAKI GALDOS (Hamaikabateko presidentea)
«Agerian gelditzen da Espainiako botereak nolako sarraskiak egin ahal dituen»
Iñaki Galdos Hamaikabateko presidentearen arabera, epaiketa «bidegabekeria» da, «antidemokratikoa». Bost pertsonaren etorkizuna horrela jokoan jartzeko eskubiderik ez dagoela argi du. «Agerian gelditzen da Espainiako botere, judizial, politiko eta mediatikoak zer-nolako sarraskiak egin ahal dituen». Hori ikusirik, gizarteak irmo eutsiko diola ez dauka dudarik Galdosek.
MAIORGA RAMIREZ (Nafarroa Baiko bozeramailea)
«Espainiako alderdien eskaerei erantzunez mundu abertzalea kriminalizatzeko saioa da»
Maiorga Ramirez NaBaiko bozeramailearen ustez, atzo hasi zena «sasi-epaiketa» bat da, baina, berak azpimarratzen duenez, 14 urteko kartzela zigorrak dituena jokoan. Espainiako Auzitegi Nazionalaren «zentzugabekeria» da. «Espainiako alderdi nazionalisten eskaerei erantzunez mundu abertzalea kriminalizatzeko saioa da».
EZKER BATUA
«Euskal Herriko bizitza soziala eta kulturala judizializatzeko ahalegina da»
Ezker Batuaren ustez ere, zentzugabekeria juridikoa da, bai Egunkaria itxi izana, baita ondotik irekitako prozesu juridikoa ere. Auzipetuen absoluzioa eskatu du, adierazpen eta prentsa askatasunari egindako «eraso argia» izan delako, zeinak kalte konponezinak eragin baitizkie egunkariari berari, langileei eta auzipetuei. «Basakeria juridiko hau Espainiako Estatuak Euskal Herriko bizitza soziala eta kulturala judizializatzeko ahalegina da».
ADOLFO MUÑOZ (ELAko idazkari nagusia)
«Salbuespenezko auzitegiak eskuin muturraren eskariz funtzionatzen du»
«Egunkaria-rekin egindakoa astakeria bat izan da. Epaiketak erakusten du salbuespenezko auzitegiak eskuin muturraren eskariz funtzionatzen duela. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana izan da pertsona hauen delitu bakarra. Horrekin dena esanda dago. Gizarteari dei egiten diogu erreakzionatu dezan».
AINHOA ETXAIDE (LABeko idazkari nagusia)
«Elkartasuna adierazteko eta salaketa ariketa egiteko etorri gara Madrilera»
«Elkartasuna adierazteko eta salaketa ariketa egiteko etorri gara Madrilera. Auzitegi Nazionaletik ezin dugu ezer onik espero. Auzipetuek euskararen alde egin duten guztia horrelako epaitegi batek geraraz dezake, baina ezintasuna gehiago izan behar du auzitegiarena gurea baino».