Eusko Jaurlaritzak konfiantza osoa erakutsi dio Espainiako Justiziari, Idoia Mendia bozeramailearen eskutik. Ongi funtzionatzen duela uste du, baina onartu du «ia-ia zortzi urte luzatu eta gero Justiziak justua ez izateko arriskua» duela. «Espero dugu lehenbailehen bukatuko dela, dagokion ebazpenarekin».
Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu izanari eta epaiketa soilik herri akusazioarekin aurrera jarraitzeari buruz, Mendiak ez du iritzirik eman nahi izan. Are gehiago, haren ustez, Espainiako Justiziak ongi funtzionatzen duela erakusten du, baita Fiskaltza eta Justizia erakundeak independenteak direla ere. Gisa berean inputatuen kopurua behera egin izanak Espainian dauden defentsa mekanismoek «funtzionatzen» dutela agerian uzten du, haren erranetan. Auzipetuek salatutako torturei buruz, aldiz, ez du ezer erran.
PP, haserre
Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiari, albistegietan Egunkaria auzia aipatzean inputatuak «era maitagarrian» aurkeztu dituztelako. «Ez da neutraltasun eredua izan, baizik eta bidegabe akusatuta eta deliturik egin ez duten pertsona batzuen aurkezpena». Urquijoren arabera, EITBko kazetariek egin duten aurkezpena ez dator bat telebista kate publikoak «terrorismoari» buruz egin behar duen deslegitimazioarekin. Horrenbestez, horren aldeko konpromisoa berresteko eskatu dio Suriori.