Xabier Oleaga: «Nahi zutena esan nuen, bakean uzteko»

2009, abenduak 16


Xabier Oleagak Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta zegoela egin zuen deklarazioan esan zuen 1993an hasi zela Egunkaria-n, Iñaki Uriak hala proposatuta. Baina, hori esan bazuen, jasaten ari zen torturak amaitzeko baldintzarekin esan zuen. Izan ere, atzo frogatuta gelditu zenez eta bere lan ibilbidea jasotzen duten orri ofizialetan agerian dagoen bezala, garai hartan Egin-en egiten zuen lan Oleagak. Atzo epaimahaiari esan zion tratu txarrak eta torturak jasaten ari zenean guardia zibilak tratua proposatu ziola: Egunkaria-n 93an hasi zela esaten bazuen bakean utziko zutela esan zioten. Beraz, bizitzen ari zena gehiago ezin jasanda, halaxe deklaratu zuen. Ariketa fisikoak eginarazi zizkioten etengabe, biluzik eduki zuten, mehatxatu egin zuten… Auzi medikuari esan zion gertatzen ari zena, eta Uriaren egoerarekin ere kezkatuta zegoela esan zion, baina alferrik.

Deklarazio horretan esandakoa ez zela horrela ikusi zen atzoko epaiketan. Esate baterako, Egin-en 94ko urtekaria erakutsi zuten. Han, 93ko abenduaren 1ean Ertzaintzak egunkari horretan egin zuen miaketa bateko argazkia agertzen zen, eta argazkian Oleaga bera.

Oleaga 95ean hasi zen Egunkaria-n. Auzitegian azaldu zuenez, Egin-en ez zegoen gustura azken urteetan. 94an zuzendaritza utzi zuenetik erredaktore lanean aritu zen, baina ez zen eroso sentitzen han ere. Ezin zuen egoera jasan, eta zer egin pentsatzen ari zen garaian, Iñaki Uriari kontatu zion bere egoera, lagun-mina baitzuen. Hark bazekien Imanol Murua Egunkaria -ko erredaktore buru postutik eszedentzia hartzekotan zela, eta beraz, Administrazio Kontseiluarekin zein zuzendariarekin gaia landu ostean Oleagari postu hori proposatu zioten. Berari azaldu ziotenez ofizioan zuen eskarmentua, egunkari baten zuzendaritzan egindako ibilbidea eta euskararen jakintza izan ziren eskaintza egiteko arrazoiak. Oleagak onartu egin zuen kargua, eta erredakzioan hasi zen lanean.

Agiriak

Akusazioak Oleagaren kontra egiteko erabiltzen dituen agiriak ez zituela ezagutzen azaldu zuen Oleagak, Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez. Ez zituen ezagutzen, harik eta Juan del Olmo epaile instruktoreak erakutsi zizkion arte. Inkomunikatuta bost egun igaro ostean haren aurrera deklaratzera eraman zutenean erakutsi zizkion agiri horiek. Garikoitz delako baten zein Ontza delako baten eta ETAren arteko ustezko elkarrizketak daude dokumentu horietan, X.O. delako bati buruz iritziak trukatzen. Oleagak azaldu zuen berari buruz ari baziren bere bizkar ari zirela. Bera ez zela hizketa horien parte, ez zela horien jakitun eta ez zituela ezagutzen epaileak erakutsi arte.

2003ko otsailean atxilotu zutenean bere bulegoa zen Partaideko egoitza ere arakatu zuen Guardia Zibilak. Han atzemandako Zutabe aldizkariez galdetu zion Iruinek. Oleagak azaldu zuen aldizkari haiek iritsi egiten zitzaizkiola. Berak hainbat komunikabidetan kolaboratzen zuela garai hartan, eta bere ustez horregatik bidaliko zizkiotela, baina berak ez zizkiola inori eskatu. Komunikabideek ere jasotzen zituztela bazekiela gaineratu zuen. Zenbaki baten lau ale zergatik zituen galdetu zion abokatuak, eta «arrastorik ere ez» zuela erantzun zion. Ea berak banatu egiten zituen galdetuta, «noski ezetz» erantzun zuen Oleagak.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>