Pello Urzelai (Berria)
Beste epaiketa batean, lekuko gisa, Andoni Egaña eta Jon Sarasua bertsolariak ezinean aritu ziren Auzitegi Goreneko epaimahaiari azaldu nahian zer den bertsolaritza. Antzeko ezintasuna sentitu behar zuten atzo Egunkaria auziko bost auzipetuek Auzitegi Nazionalean, euskarazko egunkari hura nola sortu zen azaltzen aritu zirenean. Euskal Herrian azalpenik behar ez duena edo bertsolari txapelketako kartzelako gaia izan daitekeena Madrilen ahalegin nekeza da. Etsigarria. Epaimahaiburuak galdera bakarra egin zion Iñaki Uriari. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz gain Nafarroako Gobernuarena ere jaso ote zuten galdetu zion epaileak, bere harridura -eta aldi berean,ez jakintasuna ere- agerian utziz. Hemeretzi urteren buruan, Egunkaria erditzeko eta hezteko hainbeste buruhauste eta neke izan eta hainbeste lan eta ahalegin egin ondoren, hor zeuden akusatuen aulkian euskal historia garaikidearen oinarrizko lezioak ematen. Absurdoak harrapatuta.
Prozesu osoa izan da absurdoa. 2003ko otsailaren 20ko atxiloketak, atxilotuei emandako tratu ankerra, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, bigarren polizia operazioa eta horri lotutako sumario berria, ibilbide judizial osoa… Zentzugabekeria hori absurdoagoa ageri da, epaiketa hasi den egunean, Torrealdai, Auzmendi, Uria, Otamendi eta Oleaga akusatuen aulkian jarri direnean. Aulkian jarri eta jasotako tratua berpiztu, berbizi eta kontatzeaz gain, ETAren aginduetara ez zutela jardun azaldu behar izan dutenean, banan banan. Aitzitik, beraiek bultzatu zuten proiektua anitza eta independentea izan zela. Ibilbide pertsonalaren luzapena besterik ez jarrera bat.
Lehen eguna pasatuta, bistan da epaiketak balioko duela argi eta garbi uzteko zentzurik ez duen auzi bat dela, epaia edozein izanda ere (estatu arrazoia tartean sartzen den logika juridikoak ez baitu balio). Azkenean, argi geldituko da bost auzipetuen lekuan, Espainiako Barne Ministerioak eta Auzitegi Nazionalak bultzatutako absurdo hau jarriko dela. Benetako akusatua auzia bera izango da.
Auzipetuen deklarazioa indartsua izan da, zintzoa, lapsus batzuekin, emozio uneekin, sentitua. Defentsa abokatuen galderei erantzunez, akusazioen oinarririk eza agerian utzi dute, puntuz puntu. Fiskalaren jarrera esanguratsua izan da oso. Akusatuei ez galdetzea erabaki du. Isiltasun hori izan da modurik ozenena adierazteko auziaren zentzugabekeria. Dena den, ikusi beharko da gaurtik aurrera zein izango den fiskalaren jarrera lekukoei dagokienez. Herri akusazioen jarreraren ahulezia galderak egiteko garaian ere agertu da. Akusatuek ez dituzte erantzun nahi izan. Galderak irakurri dituzte, baina konbentzimendu gutxiz, behin baino gehiagotan trabatuz. Eta gainera kasu gehienetan, galdetegia laburra zen, eta galdera orokorraz beteta. Epaimahaiburuaren jarrerari dagokionez, erne egon da saio osoan, auzipetuei utzi die hitz egiten, haien hitzak jarraitu ditu eta bi galdera baino ez dizkie egin. Hau da, Gomez Bermudez epaimahaiburuak ez du hartu bere gain akusazioaren hutsunea betetzeko zeregina. Defentsa abokatuei bakarrik moztu die batzutan, saioa ez luzatzearren. Tortura testigantzen aurrean bezala, auziaren absurdoaren aurrean, jarrera hotz eta distantea hobetsi du.