Auzipetuek, akusazioak ezeztatzeaz gain, «infernua» ere kontatu dute

2009, abenduak 16

a11.jpg

Egunkaria auziko bost auzipetuen hitza entzun zen epaiketaren lehen saioan. Irmo akusazioak ukatzean eta dardarti jasandako tortura eta tratu txarrak gogoratzean. Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi pasatu ziren akusatuen aulkitik, Euskaldunon Egunkaria nola sortu zen, zer zen, nola jarduten zuen azalduz. ETA edo KASekin zerikusi guztia ukatuz. Proiektu independentea eta anitza aldarrikatuz.

Banan-banan joan ziren harilkatuz Euskaldunon Egunkaria-ren historia, defentsa abokatuen galderei erantzunez, fiskalak ez baitzuen galderarik pausatu eta herri akusazioei ez baitzieten erantzun nahi izan. Proiektuaren historia eta haiek horretan izan zuten zeregina azaltzeaz gain, 2003ko otsailean, Guardia Zibilaren esku, atxilotuta eta inkomunikatuta izan zirenean bizi izan zuten egoera ere – «infernua» Joan Mari Torrealdairen hitzetan- kontatu zuten, batzutan emozioari ezin eutsiz.

Une horretara elkartasunaren indarrak lagunduta iritsi ziren bost auzipetuak. Euskalgintza osoaren ordezkaritzak eta alderdi eta sindikatu abertzaleen ordezkaritza zabalak auzitegi ateraino lagundu zituen eta batzuk epaigelan ere izan ziren entzuleen artean.

Elkartasuna adieraztera joandako batzuk Rio Frio kafetegian hasi ziren elkartzen auzipetuekin, bertan Garzon epailea gosaltzen ari zen bitartean, honen bizkarzainen begiradapean. Geroxeago, Euskal Herritik autobusean etorritako ordezkaritza Rio Friora hurbiltzen ari zenean poliziek trabatu zuten hasieran, baina gero besteekin elkartu ahal izan zuten auzipetuekin batera elkartasunezko argazki bat egiteko. Horregatik, poliziak bertan zeuden guztiei identifikatzeko eskatu zien, baita Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanori ere. Senideak, bitartean, auzitegi barruan zeuden zain, eta urduri.

Auzipetuak mintzo

Saioa ordu erdi berandu hasi zen, peritu batzuen errefusatze eskaerarekin. Epaimahaiak, saioa eten gabe, eskaera ez onartzea erabaki zuen eta deklarazioen uneari eman zion paso. Iñaki Uria hasi zen. Gero etorriko zen Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendiren txanda (azken hirurak arratsaldeko saioan). Guztien deklarazioak bat etorri ziren hainbat puntutan. Guztiek ukatu zuten edozein harremanik ETArekin edo KASekin, jarduera profesionalari dagokiona kenduta (Iñaki Uriak Argia-ren garaietan KASeko bozeramaileekin eta Martxelo Otamendik ETAko bozeramaileekin egindako elkarrizketak). Denak bat etorri ziren esatean ETAtik edo KASetik ez zutela inoiz jaso aginpiderik, ez karguen izendapenari buruz ez ildo editorialari buruz ere.

Saio osoan atzera eta aurrera ibili ziren ETAri atzemandako paper batzuk, non akusatuetako batzuk aipatzen ziren. Denek ukatu zuten paper horiekin zerikusia izatea. Beste batzuen aipamenak ziren, haiek horretaz ezer jakin gabe eginak. Paper horietan, Egunkaria-ren lehen eta hirugarren zuzendarien izendapenei buruzko aipamenak zeuden. Auzipetuen deklarazioek osatu zuten argazkia. Lehen zuzendariaren izendapenerako gutxienez hamasei pertsona ukitu ziren, 1990. urte hartan, eta ezezkoen ondoren Administrazio Kontseiluak Pello Zubiriaren alde egin zuen, orduko Argia-ko zuzendariaren alde. Bere konpromisoa denboran mugatua izango zela jakinda. Ondorengo izendapenak, bai Iñaki Uriarena zein Martxelo Otamendirena Administrazio Kontseiluak hartu eta akziodunen batzarrak onetsi egin zituela argi utzi zituzten akusatuek.

Izendapen guztiak «ohiko prozeduren bidez» egin ziren, Torrealdaik azaldu zuenez, eta askoz beranduago izango zuten guztiek ETAri atzemandako paper batzuetan horren gaineko aipamenak zeudela. «Gure bizkar egindakoak dira», «ez daukate zerikusirik gurekin», esan zuten.

Akusatu guztiek defendatu zuten Egunkaria Sortzen taldeak ezarritako hamaika printzipioak zaintzeko konpromisoa hartu zutela. Egunkaria-ren izaera zehazten zuten printzipio horien artean independentziarena nabarmendu zuten. Egunkaria-k independentea izan behar zuen, bai instituzio eta alderdi politikoetatik, bai beste komunikabideetatik. Independentzia horren zaindari izan ziren. Norbaitek esku-hartu izan nahi izan balu kontra egingo zutela eta lortuz gero proiektua utziko zutela hitza eman zuten atzo proiektuaren sorreran parte hartu zuten Joan Mari Torrealdaik eta Txema Auzmendik.

Lekukoen txanda

Egunkaria-ren ibilbideari buruz luzeago aritu zena Martxelo Otamendi izan zen. «Erabateko askatasunez» jarduteko aukera izan zuela nabarmentzeaz gain, lehen mailako egunkari bat egiteko ahalegina deskribatu zuen. «Asko kostatu zitzaigun egunkari estandar da izatera iristea», esan zuen Estatu Batuetako hauteskundeen edo Aita Santuak Kubara egindako bidaiaren segimenduaren berri eman ondoren.

Gaur lekukoen txanda hasiko da, guardia zibil batzuen deklarazioekin. Epaiketak 2010eko urtarrilaren 12an jarraituko du.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>