Madrilen bizi diren hainbat herritarren elkartasuna jaso dute Egunkaria-ko bost auzipetuek. Herrialde Katalanetan bezala, Madrilen ere sortu dute babes taldea, eta hainbat ekimen antolatu dituzte. Atzo, adierazpen askatasunari buruzko mahaingurua egin zuten Viento Sur foroan, eta 100 bat lagun bildu ziren. Bertan parte hartu zuten Martxelo Otamendi auzipetuak, Joana Grezner Diagonal egunkariko kazetariak, Roberto Montoya Viento Sur aldizkariko kazetari eta El Mundo egunkariko nazioarteko saileko arduradun ohiak eta Dardo Gomez Kazetarien Sindikatuen Federazioko idazkari nagusiak.
Egunkaria ixtea informazio eskubidearen aurkako erasoa izan zela nabarmendu zuten guztiek. Eta adierazpen askatasunaren aurkako beste eraso batzuk gogoratu zituzten: Egin egunkariaren itxiera edo Fermin Muguruzak eta beste musikari batzuk jasan behar izan dituzten boikotak. Eraso horien helburua euskal nortasuna ahultzea dela nabarmendu zuten. Otamendik, berriz, Egunkaria-ren sorreraren, garapenaren eta itxieraren inguruko zenbait pasarte kontatu zituen.