Imanol Murua Uria (Berria, Paperezko bloga)
Abenduak 23. Sosak
Lehendik ere jakina zen AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak ez direla Egunkaria auzian denbora-pasa ari. Asteazkeneko prentsaurrekoa horren lekuko. Fiskaltzaren jokabidea gogor kritikatu dute, fiskala jarreraz aldatzea ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioaren ondorio izan zela esan dute eta, batez ere, auzipetuak errugabetuz gero Estatuak zenbateko dirutza ordaindu beharko omen lukeen kalkulatu dute: 60 milioi euro. Antzera aritu ziren joan den uda hasieran, Auzitegi Nazionala auzia artxibatzekotan egon zitekeela sumatu zutenean, ordaindu beharreko kalte-ordainen mamua zabalduz. Kalkulua nondik nora egin duten alde batera utzita, argudioa bera latza da: hankasartzea ametitzea garestiegia denez, ez dezagun ezer ametitu eta sar ditzagun kartzelan. Askoz merkeagoa da.