Hala egin zuten Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean eta hala jarraitu dute azken zazpi urteotan: kazetaren itxieraren «bidegabekeria» salatuz, pankartari eutsiz, lehen lerroan. Aterkiak esku batean eta Egunkaria libre! dioen pankarta bestean, Egunkaria-ko langile izandakoek elkarretaratzea egin zuten Donostian atzo.
Kazetako langileak izandakoez gain, han izan ziren Jesus Uzkudun CCOOko zuzendaritzako kidea, Josu Txueka historialaria, Joxan Lizarribar EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, Sabino Ormazabal Bidea Helburuko kidea eta Mikel Elorza abokatua. Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria auzi nagusikoak eta Mikel Sorozabal, Ainhoa Albisu, Begoña Zubelzu eta Joxe Mari Sors kazetaren auzi ekonomikoan auzipetuak ere izan ziren bertan.
Langile ohien izenean Iñaki Petxarromanek hitz egin zuen. Auzitegi Nazionalak itxitako kazetako langileak «hasieran bezala gaur egun ere» auzipetuen alboan daudela adierazi zuen. Herritarren «babesa eta ahalegina» eskertu zituen, halaber; bereziki, joan den asteburuan Bilbon eginiko «erakustaldiagatik». Eta halako ekimenetan parte hartzeko deia egin zuen.
Ez ziren isilik geratu
Egunkaria ixteko erabakiak 180 langile inguru utzi zituen kalean, Egunkaria SAko eta taldeko beste enpresetako kideak barne. Langileek, baina, kazeta berri batekin erantzun zioten hartutako kolpeari. Beren artean atera zuten Egunero, Berria sortu zen arte. EKT enpresa argitaratzailearen aurreneko akziodunak izan ziren langile izandakoak.