Zerbaiten atetan

2009, abenduak 27

Urtzi Urrutikoetxea (Berria)

Negua galga bakar maldan behera gerrarantz doan kurduen herrialdea utzi eta etxera itzuli naiz Gabonetarako. Espainiar kazetari batekin eman ditut egun batzuk Europako telebista baterako erreportajeak egiten, biok ere Euskal auzitik distantzia pixka bat hartu eta distantzia horretatik zerbait kontatzeko asmoz. Irlandar esaerari men, gauaren ilunenean argi pixka bat igarri dugu biok, laster azaleratu behar duen zerbaiten miran sumatu dugu euskalduna.

Lobby lanik gabe euskalduna zulora kondenatuta dago, lobby lanarekin ere bai sarritan. Niretzako daukat gustura izenpetuko luketela Egunkaria-rentzat absoluzio isilen bat, «baina mesedez ez ezazue zarata handirik egin». Eta, hala ere, zeinen merkea den Euskal Herria jipoitzea. Zenbat indar irain eta gezurrei aurre egiten, zenbat energia azalpenetan. Sorkuntzarako herria gara, baina erresistentzia hutsean xahututako indarrok ere eraikuntzarako balira… Badakigu Egunkaria kasuak baduela salbuespenetik. Salbuespena izatea gura dugu, gainera, errepresio itsuak mugarik baduela, horraino ezin direla iritsi sinesteko. Garaipenen bat merezi dugulakoan. Publizitaterik gabe, herri honen benetako aldaketako lehen urratsa Egunkaria-ren garaipena izango dela sinetsi behar dugu.

Oraingoan baietz, konbentzituta egonda ere, beldurra eragiten du Espainiak. Eta Bilbon erakutsitako indarrak eta nazioartean eta etxean bildutako babesak ezinbesteko dira, baina horiek ondo baliatzea komeni da. Egunkaria-ko lagunen absoluziorako, lehendabizi; Egunkaria irekiarazi eta dagokiguna berreskuratzeko, hurrena. Baina baita tortura bizirik dagoela ozen esateko ere. Eta salatzen jarraitzeko, Egunkaria-rekin soilik pasatu egin zirela uste duten espainiar lankideei batez ere. Besteak beste, Espainiak Teresa Toda, Jabier Salutregi kazetariak eta Egin-eko langileak preso dituela gogoraraziz. Eguberri on.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>